Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak eta Bizkaiko Psikologia Elkargoak (BPE) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Psikologoen Sarea izeneko laguntza psikologikorako zerbitzua garatzeko. Zerbitzu horren helburua da laguntza psikologikoa eskaintzea zaurgarritasun-egoeran edo arreta espezializatutako premiak dituzten errefuxiatu, migratzaile eta aberrigabeei. Sinadura Bizkaiko BPEko egoitzan egin da, Ainhoa Eguren PBEko gerentearen eta Arantza Chacon Ormazabal Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariaren artean.

Hitzarmenaren bidez, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak konpromisoa hartzen du babes eta asilo arloetan psikologia profesionalei formakuntza eskaintzeko: ikuspegi feminista, intersekzionala eta kulturartekoa erabiliz. Horretaz gainera, sare honetan izena eman nahi duten profesionalei kasuak bideratuko dizkio eta arreta-prozesuan zehar laguntza eskainiko die.

Bestalde, PBEak bere psikologiako profesionalak deituko ditu Psikologoen Sarea osatzeko. Gainera, proiektua eta haren emaitzak ezagutaraziko ditu eta Zehar-Errefuxiatuekin eta proiektuarekin bat egin nahi duten psikologiako profesionalen arteko bitartekaritza gauzatuko du.

Zehar-Errefuxiatuekinek osasun mentalaren zaintzaren garrantzia azpimarratzen du. Chaconen esanetan, “errefuxiatu, aberrigabe eta migratzaile askok eragin psikologikoa jasaten dute; ez bakarrik beren herrialdetik alde egitera eraman zituzten egoerengatik, baita migrazio-ibilbide gogorrengatik eta Euskadin bizitza berregiten saiatzean aurkitzen dituzten zailtasunengatik ere”. Erakundearen zuzendariaren ustez, osasun mentala lantzea artatzen ditugun pertsonen garapen integralerako harrera-prozesuan eskaintzea funtzeskoa da, “horregatik da hain garrantzitsua sortu dugun sarea”.