Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen harira, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak zortzi proposamen egin dizkie bertan parte hartuko duten alderdi politikoei Euskadin bizi diren errefuxiatuen, zaurgarritasun egoeran dauden migranteen eta aberrigabeen eskubideak bermatzeko.Azken urteotan lehen aldiz, egoerak eskatzen zuen mailako erantzuna eman zitzaion Ukrainako biztanleek pairatzen zuten krisiari. EBk 55/2001 Zuzentaraua aktibatu zuen, gerratik ihes egin zutenei aldi baterako babesa ematea errazteko. Arantza Chaconek, erakundeko zuzendariak, positibotzat jo du gertaera hori: “Administrazio guztiak (tokikoak, autonomikoak eta estatukoak) mobilizatu ziren, eskumenen letra txikiari gehiegi erreparatu gabe. Aldiz, atsekabetu egiten gaitu esateak Ukrainiatik ez datozen gainerako pertsonek oraindik ere asilo-eskubidea eskuratzeko oztopoz beteriko bidea dutela“.

Ildo horretan, Zeharrek proposamen batzuk egin ditu euskal udal eta aldundiek datozen lau urteetarako politika publikoak diseinatzean kontuan har ditzaten. “Gure asmoa oinarrizkoa da: EAEko herri eta hirietan babesa bilatzen duten bizilagunen eskubideak benetan aitortu daitezen bermatzen laguntzea. Orain badakigu egoerak eskatzen duen neurriko erantzunak eman daitezkeela. Gehiago espero dezakegu”, dio Chaconek irmo.

Proposamenak hurrengoak dira:

  • Udal-errolda lortzeko prozesuak erraztea eskubideak eskuratu ahal izateko.
  • Gizarte-zerbitzuen euskal sistemak ematen dituen prestazioetara eta zerbitzuetara sarbidea bermatzea.
  • Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea.
  • Probintzia eta udal mailan asilo-eskatzaileentzako eta errefuxiatuentzako harrera-sarea sortzea.
  • Bakarrik dauden adingabe atzerritarren berariazko premiei erantzutea.
  • Eskualdeetan eta udalerrietan kulturen arteko bizikidetza sustatzea.
  • Arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileei laguntzeko sareak sortzea.
  • Giza eskubideak kontuan hartuko dituzten eta desplazamendurik eragingo ez duten garapen-ereduak tokian-tokian bultzatzea.

Aste hauetan zehar, Zeharrek ordezkari politikoekin bilerak egingo ditu proposamenak aurkezteko eta datozen lau urteetan garatuko dituzten udal eta foru politiketan eragiteko. Dokumentu honetan zehatzago azalduta daude proposamenak.

 

Informazioa jaso: