Aholkularitza legala

Arreta juridikoa gure antolakundearen funtsa bera da. Zuzenbidea baliatuta ezagutu genuen EAEra iristen ziren errefuxiatuek, migratzaileek eta aberrigabeek bizi duten errealitatea, eta gaur egun ere hala egiten jarraitzen dugu. Horregatik, aholkularitza juridiko espezializatua da gure ezaugarrietako bat.

Gure abokatu-taldearen lanaren helburua honakoa da: artatzen ditugun errefuxiatu, migratzaile eta aberrigabeen oinarrizko eskubideak bermatzea, eta babesgabetasun- eta desparekotasun-egoerak saihestea. Horretarako, aholkularitza, orientazioa eta prestakuntza juridikoa eskaintzen ditugu, eta, beharrezkotzat jotzen dugunean, ekintza administratibo edo judizialak abiarazten ditugu. Era berean, diskriminazio mota ororen aurka borrokatzen gara, bitartekaritza eginez zein salaketak jarriz.

Sare lana

Atzerritarren alorreko Euskal Zerbitzu Juridikoko (Aholku Sarea) kide gara. Eusko Jaurlaritzak sortutako Eraberean sareko kide ere bagara, arrazak, etniak, nazionalitateak, sexu-orientazioak eta -identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioaren aurka borrokatzeko. Gasteizko gure bulegotik, diskriminazioaren biktima izan diren pertsonen edo kolektiboen kasuak artatzen ditugu, maila juridikoan.

Mugarri garrantzitsuak

25 urte hauetan erronka handiak izan ditugu arlo juridikoan. Adibidez:

  • Itsasontzietan polizoi gisa gure portuetara iristen diren pertsonak, zeintzuei ez zieten laguntza juridikoa ematen.
  • Sahararrak aberrigabe gisa aitortzea.
  • Asilo-eskaeren ukapenen ehuneko handia.
  • Generoarekin lotutako indarkeriak kontuan hartzea nazioarteko babesa merezi duen jazarpen-kausa gisa.
  • Bizileku-eskubidea aitortzea adingabeentzako zentroetatik irten ondoren babesgabetasun-egoeran geratzen ziren gazte atzerritarrei.

Egoera horien guztien aurrean, estrategia juridikoak planteatu ditugu, baita arrakasta ugari lortu ere.

Kasu adierazgarriak

Zehar-Errefuxiatuekinko lantalde juridikoak izan duen kasu garrantzitsuenetako bat Hassana Aalia ekintzaile sahararrarena izan da.

Marokoko auzitegi militar batek biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion Hassana Aalia 26 urteko gazteari, 2010. urtean Aaiundik 12 kilometrora dagoen Gdeim Izik protesta-kanpaleku baketsuan parte hartzea leporatuta.

Hori dela eta, Marokok hura bilatzea eta atxilotzea agindu zuen. Aalia bere herrialdetik kanpo zegoen hori gertatu zenean, hain zuzen ere Euskal Herrian, giza eskubideei buruzko programa batean parte hartzen. Marokon jasaten ari zen jazarpena ikusita, asilo-eskaera egin zuen Bilbon, baina Barne Ministerioak atzera bota zuen. Helegitea jarri zuten, eta hura ebatzi bitartean, Auzitegi Nazionalak aldi baterako geldiarazi zuen Barne Ministerioak Espainiatik derrigorrez ateratzeko emandako agindua. Azkenik, 2016an, nazioarteko babesa eskatu eta bost urtera, Auzitegi Nazionalak errefuxiatu estatutua aitortu zion Aaliari, Zehar-Errefuxiatuekink prozesu judizialean eskatzen zuen moduan.

Gaur egun lanean jarraitzen dugu asilo-eskubidearen eta giza eskubideen alde, krisian dauden eskubideak izan ez daitezen. Premiazkoa eta beharrezkoa da jazarpena jasaten duten pertsonekiko babesa areagotzea eta hura aitortzea. Era berean, ez-itzulketaren printzipioa bermatu behar zaie. Era berean, diskriminazioa saihesteko, premiazkoa da bermatzea EAEra egoera horretan iritsi diren pertsonen herritartasun-eskubideak. Auzokideak gara, auzo, herri eta hirietan elkarrekin bizi gara.