Zer da parte-hartze soziala?
Parte-hartze sozialaren helburua da Zehar-Errefuxiatuekin osatzen dugun pertsonak (erabiltzaileak, boluntarioak, praktikatan daudenak, soldatapekoak, bazkideak, laguntzaileak eta zuzendaritzako kideak) eraldaketa soziala ahalbidetu dezaketen eta giza eskubideen defentsa eta mundu bidezkoago bat eraikitzea bultzatzen duten gune politikoetan engaiatzea. Parte-hartze hori sustatzeko, hainbat bide erabiltzen ditugu: demokrazia ordezkatzailearen ohiko bideak zein izaera alternatiboa eta ludikoa duten bestelako jarduerak.
Kaleko Ekintzak
Mobilizazio sozialeko prozesuetan garbi dago, eraldaketa lortuko bada, eremu publikoak okupatu behar direla eta horietan egon beharra dagoela, salatzeko, aldarrikatzeko eta indarrean den gizarte-eredu honen aldean bestelako proposamen kritikoei buruz hezteko eta sentsibilizatzeko. Horretarako, Zehar kaleko hainbat ekintza antolatzen eta sustatzen ditu beste erakunde eta mugimendu sozialekin batera (mobilizazioak, kontzentrazioak, manifestazioak, ekintza sinbolikoak, etab.), etorkinen eta errefuxiatuen egoera salatzeko eta gizarte-eredu bidezkoago eta berdinzaleago bat sustatzeko.
Kulturarteko Antzerkia
Kulturarteko antzerki-taldea gizarte inklusibo eta solidarioa eraikitzeko garapen pertsonala funtsezkoa dela sinetsita sortu zen. “Caminamos para crecer” kulturarteko antzerki-talde bat da, Zehar Gizarte-partaidetzarako taldetik sortutakoa. Talde irekia da, eta erakundearekiko modu independentean lan egiten du. Taldekideen artean, Mali, Boli Kosta, Peru, Maroko eta Euskal Herriko bertako pertsonak daude.
Kolektiboa ikusarazteko jarduerak
Gure erkidegoan bizi diren etorkin eta errefuxiatuen kolektiboa normalizatzeko asmoarekin, kulturarteko hainbat jarduera antolatzen dira gure auzoetako baliabide komunitario doakoak baliatuz. Aisialdiko jardueren bidez, bertako bizilagunek eta erakundearen erabiltzaileek hainbat une, ideia eta bizipen partekatzeko guneak sortzea sustatzen da.
Gogoetarako topaketa
Urtez urte Zehar erakundearen Gogoetarako jardunaldiak antolatzen ditu. Erakundeak bere diskurtso politikoa sortzeko baliatzen duen guneetako bat bihurtu da topaketa hori. Parte-hartzezko dinamikak erabiltzen dira, giroa lasaia izaten da, eta, horri esker, partaideek bat egiten dute erakundearekin eta giza eskubideen defentsarekin.
Bilbao Refugio lasterketa
Errefuxiatuen nazioarteko egunaren inguruan, Bilbao Refugio lasterketa egiten da urtero, ZEHAR errefuxiatuen alde antolatutako lasterketa solidarioa. Ekimen horrek aukera ematen digu kalera ateratzeko eta errefuxiatuen alde ahotsa goratzeko, modu ludikoan eta kirola tarteko dela. Bilbao Refugio lasterketan, korrikalari eta antolatzaile, 500 lagun baino gehiago izaten dira partaide.