Aurten ere, Bizilagunak ekimena lurraldean bizi diren kultura ezberdinetako lagunak bilduko ditu igande honetan, azaroak 19, familia arteko bazkari bat tartekatzeko. Kasu honetan, aurreko urteko izen-emateak gainditu dira (728 pertsona izanik): 1.000 lagun, 93 bazkaritan banatuta eta 43 nazionaltasun ezberdinetakoak.
Defendatzaileak babesten:giza eskubideen defendatzaileen arriskuen, premien eta babesteko mekanismo eta estrategien azterketa
ZEHAR errefuxiatuekink eta Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak “Defendatzaileak Babesten” biltzarra antolatu dute, topaketa horretan gai hauek lantzeko, besteak beste: giza eskubideak defendatzen diharduten pertsonak babesteko zer-nolako erantzukizuna duen nazioarteko komunitateak, zer arriskuri egin behar izaten dieten aurre, babes moduan zer mekanismo eta premia dituzten, zer estrategia komunitario dauden eta aldi baterako babes-programek zer potentzialtasun dituzten.
Europar Batasunak bere harrera-konpromisoa ez betetzeko egindakoa “gezur- eta aitzakia-horma” bat dela dio CEARek
Bihar, Europar Batasuneko estatuek birkokatze eta berrezartze programen bidez 180.000 pertsona baino gehiago hartzeko zehaztutako bi urteko epea amaituko da. Egun bat falta dela, Europar Batasunak lau pertsonatik bat soilik lekualdatzea lortu du. Espainiak, bere aldetik, akordio horien konpromisoaren %11 gainditzen du ozta-ozta; hain zuzen, 1.983 pertsona birkokatu eta berrezarri ditu. CEARek bederatzi arrazoi ematen ditu porrot hori azaltzeko.
Birkokatutako pertsonen istorioak eta programaren nondik norakoak
Bi urte hauetan zehar, Euskal Autonomia Erkidegoak 134 errefuxiatu hartu ditu Europako Birkokatze eta Birfinkatze Akordioen prozesuaren baitan. Kopuru horretatik, CEAR-rek 54 hartu ditu Euskadin (24 Araban, 27 Gipuzkoan eta 3 Bizkaian). Suad eta Rafid, zifrei aurpegia jartzen dieten lagunak dira. Biak orain dela urte bat eta erdi Greziatik heldu ziren.
Óscar Pasarínek beste erronka bat gainditu du errefuxiatuen alde: 1.000 km 8 egunetan, hiriko zirkuitu batean
Óscar Pasarín ultra distantziako euskal korrikalariak beste erronka bat gainditu du, helburu solidario bat jomugatzat harturik: errefuxiatuek leku seguru batean, indarkeriatik eta miseriatik urrun bizitzeko egin behar duten bide gogorra ikusaraztea.
“La Bilbao Refugio” erronkan egunean 125 km egin ditu batez beste, Euskalduna zubitik Areatzako zubira; hau da, 1.000 km guztira, 8 egunetan. Giro errea eta bero sargoria izan du aurreko astean, baina Óscarrek etsi gabe egin du korrika, eguna joan eguna etorri. Hainbat erakunde eta norbanako izan ditu ondoan, ekimen honetan bidelagun: bere ohiko korrikalari taldea, errefuxiatuek osatua, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak, Peñascal Fundazioa, Dani Álvarez EITBko kazetaria eta Asier Cuevas 100 km-ko distantziako munduko txapeldunordea, besteak beste.
Erronka gaur goizean amaitu da, “La Bilbao Refugio” izen bereko herri lasterketarekin. 600 pertsona inguru elkartu dira Guggenheim Museoaren zelaigunean, ultra distantziako korrikalariari erronkaren azken 5 kilometroetan helmugaraino laguntzeko eta aho batez mezu hau aldarrikatzeko: “gure hiriak eta udalerriak egiazko aterpe izatea nahi dugu”.
Pasarínek, kirol hutsetik harago, ekimenaren egiazko helburua zein den gogoratu du: “Erronka gogorra izan da, baina merezi izan du, jendeari ikusarazteko nor diren benetako protagonistak: egunez egun beren etxeetatik ihesi atera beharrean diren errefuxiatuak”.
ZEHAR errefuxiatuekin erakundeak antolatu du “La Bilbao Refugio” ekimena eta erronka. Javier Galparsoro presidenteak azpimarratu duenez, “gerrak, gatazkak eta jazarpenak direla medio 65 milioi eta erdi pertsona inguru daude beren herrietatik urrun lekualdatuta, eta legezko bide segururik ez dagoenez, pertsonak beren kabuz iristen dira, bizitza eta osasuna arrisku bizian jarrita”.
Hauek izan dira “La Bilbao Refugio” lasterketaren laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Baquè Kafeak, Metro Bilbao, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldea eta DYA.
Euskadin 500 asilo-eskaera erregistratu ziren 2016an
Datorren asteartean, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, beste urte batez, ZEHAR errefuxiatuekink “2017ko Txostena: Errefuxiatuak Espainian eta Europan” aurkeztu du. Txosten horretan, CEARek gaur egungo asilo-krisiaren balantze bat egin du, eta inoizko zifrarik handienak eman ditu: mundu guztian, 70 milioi pertsona inguruk utzi behar izan dute beren etxea, gerren, gatazken eta jazarpenen ondorioz.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015eko datuekin alderatuta nazioarteko babesaren eskabideak hirukoiztu egin badira ere (163 izan ziren, eta 2016an, 500), oso kopuru txikia dira oraindik, krisi humanitario honen dimentsioekin alderatuz gero; izan ere, Euskadiko biztanleriaren % 0,02 baino ez dira.
Gainera, Javier Galparsoro ZEHAR errefuxiatuekinko presidenteak dioen modura, “Europar Batasunaren hitzarmenak betetzen ez direnez, eta Europara legez eta segurtasunez heltzea ezinezkoa denez, pertsonak beren kabuz etortzen dira; eta horren ondorioz, bideko arriskuak areagotu egiten dira, gizakien salerosketa- eta trafiko-sareetan erortzen dira, neurriz kanpoko kopuruak ordaintzen dituzte, eta bidean hil ere egiten dira”.
2016an EAEn erregistratutako 500 eskaeretatik 277 kasutan lagundu zuen ZEHAR errefuxiatuekink. Erakundeak lagundutako eskaeren artean, pertsona gehienak venezuelarrak ziren (74), gero nigeriarrak (40), eta gero kolonbiarrak (36). Aurreko urtean Ukraina izan zen ZEHAR errefuxiatuekink artatutako eskatzaileen jatorri nagusia, eta oraingoan laugarren nazionalitatea izan da (22), eta Siria, berriz, zazpigarrena (6+ beste 7 adingabeko pertsona, horien ardurapean). Gehienak gizonezkoak dira, baina alde gutxi dago (% 54 gizonezkoak, eta % 46 emakumezkoak), 18 eta 45 urte artean dituzte, eta gehienak Bilbon bizi dira. Erakundeak bere esku hartutako kasuetan onartutako eskabideei dagokienez, 2016an 5 asilo-estatutu eman zituzten, guztiak gizonezkoei: 3 Eritreakoak ziren, bat Ugandakoa eta beste bat Mendebaldeko Saharakoa.
Amaia Benitok, erakundeko laguntza psikologikoko arduradunak, hau gogorarazten du: “ezjakintasunaren ondorioz eta gorrotoaren diskurtsoak eragiten duen beldurraren ondorioz, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonek oztopoz beteriko bide bat aurkitzen dute etxebizitza eta enplegua lortzeko, eta horiek ezinbestekoak dira gizartean integratzeko”.
Estatuko Hitzarmena
Giza eskubide den aldetik, Estatuak kontuan hartu beharreko kontua da asilo-eskubidea bermatzea. Horregatik, eta Patricia Bárcena ZEHAR errefuxiatuekinko zuzendariaren hitzetan,“hitzarmen eraginkor baten jomuga izan behar du, eta hitzarmen horrek bermatu egin behar du hartutako erabakiak mantendu egingo direla, eskubide hori errespetatzeko, aldaketa politikoak eta alderdien ideologiak edozein izanik ere”. Bárcenak hau eskatu zien euskal instituzioei:
- Asilo-eskubidearen aldeko Estatuko hitzarmen hau abian jartzearen eta betetzearen alde egitea.
- Sartzeko legezko bide seguruak eskatzen jarraitzea, asiloa eskatzen duen pertsonaren nazionalitatea kontuan izan gabe.
- Kultura arteko elkarbizitzaz arduratzen jarraitzea, eta hemengo errefuxiatuak eta etorkinak benetan gizarteratzearen alde egiten, haiek ere gizarte honen zati bat baitira.
E20-ko jarduerak
Ekainaren 25ean “La Bilbao Refugio” herri-lasterketa egingo da, eta Óscar Pasarín ultrairaupen-lasterkari euskaldunari errefuxiatuen aldeko erronkaren azken 5 km-etan lagunduko zaio. Hemen duzu erronkari eta lasterketari buruzko informazio gehiago: https://www.cear-euskadi.org/eu/la-bilbao-refugio/
Bihar 12:00etan hasiko da “La Bilbao Refugio” erronka, Bilboko Guggenheim museoaren zabalgunean. 1.000 km egingo dira 8 egunean, errefuxiatuek egunero-egunero egin behar izaten duten ibilbidea ikusarazteko.