Erbesteratu beharra gizadiaren historiaren parte da. Mundu osoko makina bat pertsona eta komunitatek egin behar izan dio aurre norberaren etxea utzi beharrari, indarkeriatik edo miseriatik ihesi.Izu-laborria atzean utzi nahian baliabide guztiak jokoan jartzea, bizirik irauteko, norberaren bizitza berriro eraikitzeko, beste nonbait eta beste pertsona batzuen ondoan, bakean eta duintasunez, hori guztia giza izaeraren parte da.
Ez dago urrun joan beharrik. Hemen bertan, duela ez asko, milioi erditik gora pertsonak alde egin behar izan zuten etxetik Gerra Zibilean. Milaka haur, hogei milatik hogeita hamar milara bitartean, indarkeriatik ihesi itsasoratu zituzten 1937an, hemengo portuetatik Belgikarantz, Erresuma Baturantz, Sobietar Batasunerantz, Frantziarantz. Gerra hartatik ihesi joandakoek ez zuten beti harrera beroa topatu:itsasontzi bat baino gehiago ibili zen Atlantikoan batera eta bestera, jendez lepo, babesa emango zion lurralde eskuzabal bat non topatuko; halaxe egin zuen, adibidez, Mexikok. Eta geroago, ehun mila pertsona baino gehiago kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten Frantzian, errepresiotik ihes egin nahian zebiltzala 1939an errepublikanoak garaituak izan ondoren. Ihes egitea lortu zutenetatik, itzultzeko modua izan zuten batzuek zenbait hilabete edo urtera, baina milaka eta milaka pertsonak ez zuten horretarako aukerarik izan, eta erbesteratuen kopuruak handitzen jarraitu zuen hurrengo 40 urteetan, diktaduraren eta jazarpen politikoaren urte gorrietan.
Gaur egun, nahitaez lekualdatu behar izan duten pertsonak 65 milioitik gora dira mundu osoan, UNHCR erakundearen datuen arabera. Eta kopuru hori etengabe gorantz doa. Egunero, gatazkengatik eta jazarpen politikoagatik, 28.300 pertsonak norberaren etxetik hanka egitea beste aukerarik ez dute. Eta ez dira bakarrak, era askotako arrazoiek behartuta lekualdatu behar izaten baitu jendeak: eredu kapitalista harrapakari honek, adibidez, ondasun naturalen espoliazioa, pobretzea eta ingurumena andeatzea eragiten baitu, urtero milioika pertsona lekualdatzera behartzen ditu; eta sistema heteropatriarkalak emakumeen eta subjektu ez-normatiboen gorputzetan eragiten dituen indarkeria ugariek, beste horrenbeste.
Horrelako indarkerien aurrean, bizitza duin bat izateko erabakia hartu beharra daukate pertsona horiek, indarkeriarik gabe bizi nahi izatekoa.Erabaki horrek baliabide guztiak erabiltzera bultzatuko ditu, indargune guztiak atera eta dakiten guztiaz baliatzera, ibilbide luzea baitute aurrean, gero eta muga militarizatu eta arriskutsuagoak, eta, askotan, helmuga izango duten gizarteak axolagabekeria hutsa agertzea, edota kriminalitzatzea ere bai.
Pertsona horiek hartzeko betebeharra du orain gure herriak.Bete egin behar ditugu giza eskubideei dagokienez onartuak ditugun nazioarteko hitzarmen eta itun guztiak, eta, zehazki, nazioarteko babesari eta asilo-eskubideari buruzkoak.Baina ez da hori bakarrik. Memoria-ariketa bat eta justizia-kontu bat da. Historiarekin betebehar bat dugu hartua:erbesteratu beharra izan genuenean munduko beste herri eta komunitate batzuen harrera eta besarkada jaso genuen moduan, eta ezagutu ere ezagutu genuenez zer den nazioarteko parte batek baztertzea eta abandonatzea, guk, orain, gure herri honetara babes bila datozen guztiak duintasun osoz hartzeko betebeharra dugu.
Duintasunez hartzeko, ezinbestekoa da erakundeak eta gizartea oro har modu konstante eta aktiboan inplikatzea.Ezinbestekoa da pertsona errefuxiatuaren estatus juridikoa aitortzea eta nazioarteko babesa ematea horren beharra duten guztiei.Ezinbestekoa da baldintza beretan eskubide politiko, sozial eta ekonomiko guztiak egiaz baliatu ahal izan daitezen bermatzea.Lanpostu eta etxebizitza duin bat izatea, osasun publikoa bermatuta izatea, hezkuntza jaso ahal izatea, familiak berrelkartzeko aukera izatea, horiek guztiak ere ezinbesteko baldintzak dira duintasunez bizitzeko eta den-dena atzean utzi behar izanak eragiten duen minari aurre egin ahal izateko.
Gizatasunez hartzeko, alabaina, beste zerbait ere behar da: errefuxiatuen egia entzutea, eta gogoeta kritikoa egitea nahitaezko lekualdatzeak eragiten dituen eredu politiko eta sozialari buruz nahiz guk eredu hori iraunaraztean daukagun pisuaz.Gainera, pertsona horien guztien ausardia, trebezia eta indarra aitortu beharra daukagu, eta pertsona horiek subjektu aktibotzat hartu, eta gure gizarteei dakarkiena balioetsi.Hartzea ez da soilik bizileku bat uztea. Hartzea da besarkatzea, lagun egitea, partekatzea, batera bizitzea.Duela urte batzuk beste herri batzuek gu hartu gintuzten.Ikas dezagun gure historiatik. Erbeste izan ginen. Izan gaitezen babes.