Nazioarteko Komunitateak giza eskubideak sustatzeko eta babesteko erabakia hartu du. Estatu guztiek hartu behar dituzte beharrezko neurriak herritar orok eskubide horiek baldintza aske eta seguruetan gozatzeko. Dena den, bizi garen munduan gerra eta diktadura ugari izateaz gain, demokraziak gero eta ahulagoak dira, eta sozietate zibilarentzako espazioak ixten doaz. Oro har, botere- desberdintasun- eta esklusio-asimetriak eta askotariko diskriminatzeko moduak ugaritu egin dira.

Defendatzaileek ahotsa goratu dute adierazpen-askatasunaren alde, arrazakeria eta patriarkatua zalantzan jarriz, tortura kondenatuz, lurraren eta ingurumenaren alde borroka eginez, eta justizia, berdintasuna eta bakea lortzeko ardurak eskatuz eta alternatibak eraikiz. Gobernuak, talde armatuak eta enpresak, beren aldetik, haien lana isiltzen eta ospea belzten saiatzen dira, beren interesak giza eskubideen gainetik babestuz; horrez gain, defendatzaileak gaizkile, gizatxar, terrorista, antipatriota edo garapenaren aurkakotzat jotzen dituzte. Sarritan, kriminalizatu egiten dira eta zuzenbide penala desegoki erabiltzen da, haien aldarrikapenak geldiarazteko eta duten antolamendua ahultzeko.

Hainbat defendatzailek egunero jasaten dituzte jazarpena, mehatxuak, kartzelatzeak, torturak eta erailketak, edo eskubideen defentsarekin duten konpromisoagatik behartuta desagertu behar izaten dute. Emakumezko defendatzaileek, gainera, beste talka bat jasaten dute: sexu-indarkeria, familiei erasoak, emakume gisa duten lidergoa zalantzan jartzea, gizarte-babes gutxiago izatea eta dauden babes-neurriak hain eskuragarri ez izatea. Legediak eta babes-mekanismoek huts egiten dute haien bizitza, sexu-askatasuna eta integritatea bermatzerakoan. Front Line Defenders-en arabera, 1998an Defendatzaileei buruzko Deklarazioa egin zenetik, giza-eskubideen 3.500 defendatzaile baino gehiago erail dira eskubide horien aldeko defentsa baketsua egiteagatik.

Europar Batasunaren Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Mekanismoak 1.587 alerta eman ditu 2016an eta 2017an, eta horien artetik 384 erailketagatik izan dira, 842 kriminalizazioagatik, 195 mehatxuengatik, 91 erasoengatik eta 75 askatasunaz gabetzeko neurriengatik. Gutxienez 22 herrialdetan hil dute jendea giza eskubideak modu baketsuan defendatzeagatik, hala nola kazetariak, sindikalistak, abokatuak, emakumeen edo LGTBI kolektiboaren eskubideen defendatzaileak, eta batez ere, megaproiektuak eraikitzearen aurka lurraldea eta ondasun naturalak defendatzen dituztenak; 63 herrialdetan, defendatzaileak izena zikintzeko kanpainen objektuak izan dira; 68 herrialdetan, preso hartu edo atxilotu egin dituzte, soilik lan baketsua egiteagatik; 94 herrialdetan, mehatxuak edo erasoak jaso dituzte.

Hori guztia dela eta, erakunde sinatzaileok defendatzaileen, haien erakundeen eta mugimenduen funtsezko zeregina publikoki aitortu nahi dugu, bai eta indarkeria handiko eta narriadura demokratikoko testuinguru batean lanean aritzeko eta gero eta larriagoak eta ugariagoak diren erasoetatik babesteko egiten duten esfortzua ere. Estatuak, dela ekintzagatik, dela ekintzarik ezagatik, eraso horiek eragiten dituzten kausen erantzuleak dira, eta eginkizun erabakigarri hori baldintza aske eta seguruetan betetzeko espazio seguru bat bermatu behar diete defendatzaileei. Aurreko guztia esanda, hau eskatzen diegu agintari publiko eskudunei:

  • Gobernuko maila gorenetik publikoki aitor dezatela giza eskubideen defendatzaileek betetzen duten eginkizun erabakigarria.
  • Ikertu, prozesatu, eta hala badagokie, kondenatu ditzatela giza eskubideen defendatzaileei erasoak egiten dizkietenak, eta berma dezatela biktimek ordain efektiborako bidea izatea.
  • Agenda politiko eta instituzionalean lehentasuna izan dezatela defendatzaileentzako espazio segurua bermatzen duten ekimenek, Nazio Batuen Giza Eskubideen Defendatzaileei buruzko Deklarazioan ezarritakoa betez.
  • Berma dezatela enpresek, beren lurraldean zein beste herrialdeetan egiten dituzten jarduketetan, giza eskubiderik ez urratzea, eta hala eginez gero, kalteak ordaintzea eta erantzukizunak argitzea.