Ana Mary, Hady, Augustine eta Igor dira protagonistak ZEHAR errefuxiatuekink gaur kaleratu duen bideoan: “Erbestea ezagutu genuen. Babesleku izan gaitezen”. 2 istorio erbesteratuenak eta 2 istorio babes bila etorritakoenak, oso antzekoak ezaugarri askotan: jazarpena, ihesa, leku seguru batera iritsi arteko bidea, beste herrialde batek hartua izatea, eta hamaika sentimendu, hala nola: beldurra, deserrotzea, nostalgia eta itxaropena.Bideoa “Memoria partekatuak” egitasmoaren parte da eta hementxe irakurri dezakezu manifestu osoa: https://www.cear-euskadi.org/eu/manifestua-erbestea-ezagutu-genuen-babesleku-izan-gaitezen/

Egitasmo horretan, 1937an Hego Euskal Herritik erbestera joan behar izan zutenen eta orain eta hemen gure herri, hiri eta auzoetan bizi diren errefuxiatuen arteko antzekotasunei buruz ikertu dute. Ane Garay da egitasmoaren arduraduna, eta hark gogorarazi digunez, “Gerra Zibiletik ihesi joandakoek ez zuten beti harrera beroa topatu. Itsasontzi bat baino gehiago ibili zen Atlantikoan batera eta bestera, jendez lepo, asiloa emango zion lurralde eskuzabal bat non topatuko; halaxe egin zuen, adibidez, Mexikok”. Horixe gertatu zitzaion Ana Maryren familiari; 45 egun eman zituen noraezean itsasoan, Mexikok asiloa eman eta duintasunez hartu zituen arte. Igor Polonian hazi zen, haren familiak ihes egin behar izan baitzuen frankismoan militantzia komunistari ezarritako jazarpenetik. Hadyk amari eta alabari bizimodu hobeago bat eskaini ahal izateko erabaki zuen Malitik joatea; eta Augustinek bere burua babesteko egin behar izan zuen ihes bere sorterritik, Kongoko Errepublika Demokratikoan jazarpen politikoagatik arriskuan zegoelako.

“Historia horiek guztiek ezaugarri komun asko dituzte: jazarpena, ihesa, bidaia, iristea, zerotik hastea, deserrotzea, nostalgia, itzuli ahal izateko itxaropena, eta gizaki guztiok dugun ahalmen harrigarria zoritxar handienen aurrean ere geure burua sortzeko”, gehitu du Garayk, eta gogorarazten digu Gerra Zibilean milioi erditik gora pertsonak etxetik alde egin behar izan zutela, erbestean babesa bilatzeko. Gaur egun, nahitaez lekualdatu behar izan duten pertsonak 65 milioi eta erditik gora dira mundu osoan; arrazoi askok behartu ditu horretara: gerrek, eredu kapitalistaren ondorioz ondasun naturalak espoliatu, herriak pobretu eta ingurumena andeatu izanak, eta/edo emakumeen gorputzean edo LGTBI komunitatean eragiten diren indarkeriek, besteak beste. Horrelako jazarpenen aurrean, bizimodu duin eta indarkeriarik gabeko baten bila ihes egiten dute milioika pertsonak; ez erraz, ordea, ibilbide luze eta arriskutsua izaten baitute aurrean, gero eta muga militarizatu eta arriskutsuagoak, eta, askotan, helmuga izango duten gizarteak axolagabekeria hutsa agertzea edo, are, kriminalizatzea.

Orain, historiako une honetan, ZEHAR errefuxiatuekintik diogu herri honi beste zerbait dagokiola: gurera datozen pertsona horiek gizatasunez hartzea (eta hori ez da soilik bizileku bat uztea). Hartzea da besarkatzea, lagun egitea, partekatzea eta batera bizitzea. Duela urte batzuk beste herri batzuek gu hartu gintuzten, eta gure txanda da orain. Erbestea ezagutu genuen. Babesleku izan gaitezen.

Materialak

“Memoria partekatuak” egitasmoaren barruan, ZEHAR errefuxiatuekinko Eragin eta Parte-hartze Sozialeko lantaldeak ikerketa bat egin du, eta agerian jarri, zer sentimendu eta bizipen komun dituzten gaur egungo errefuxiatuek eta Gerra Zibilean nahiz diktadura frankistan erbesteratu behar izan zutenek.

Argazki-koadernotxo bat ere egin dugu, “Tras La Frontera” antzezlaneko une batzuk bilduz. Plataforma Tirante kolektiboarena da lana, kale-ikuskizun bat, gaur egungo krisi humanitarioari buruz gogoeta eginarazten diguna.

Javier de Isusi artista grafikoaren Asylum komikia ere lan-ildo honen emaitza da. Astiberrik argitaratua, bigarren argitaraldia du dagoeneko, eta ohiko salmenta-guneetan ez ezik, ZEHAR errefuxiatuekinren webgunean eros daiteke, bai eta Durangoko Azokan ere, abenduko zubian, argitaletxearen standean.