Gaur Errefuxiatuen Munduko Egunaren bezpera da, eta, urtero bezala, Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR erakundeek asiloari buruzko azken datuen balantzea eta azterketa egin dute. Horrez gainera, errefuxiatuei diskriminaziorik gabe harrera egiteko deia egin dio euskal gizarteari. Hain zuzen ere, “Diskriminaziorik gabeko harrera” leloa izango dute Euskadiko hiriburuetako kaleetan zehar egingo diren manifestazioek; zehazki, bihar, ekainak 20, Gasteizko eta Bilboko kaleetan, eta ekainaren 24an, larunbata, Donostian.

Gainera, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak txosten bat aurkeztu du: “Lagorategia: Errefuxiatuek eta migratuek Euskadin bizi dituzten diskriminazioei buruzko diagnostikoa, banketxean, etxebizitzaren auzian eta poliziarekin tratua izatean”. 2022an, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak topaketa kulturaniztunak bultzatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko sei udalerritan, bertako bizilagun diren errefuxiatuekin, migratutakoekin eta bertakoekin, denen artean identifikatu ahal izateko zer diskriminazio-egoera pairatzen dituzten kultura desberdinak dituzten pertsonek, eta nola zailtzen duen horrek kulturen arteko bizikidetza. Hainbat gai jorratu ziren, hala nola aisia, etxebizitza, lan-merkatuan sartzea, poliziaren tratua eta banku-kontuetarako sarbidea.

Arantza Chacón Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariak aldarrikatu duenez, “ahots horiek legitimoak eta garrantzitsuak dira, eskubideak aitortuta dituen gizarte batean ezin baita inola ere onartu eskubideen urraketa.Kalera irtengo gara, ozen eta argi esateko gizarte gisa gogoeta egin behar dugula zer tratu ematen ari garen jazarpenetik ihes egiten duten pertsonei, eta, batez ere, diskriminatu gabe harrera egiteko modua birpentsatu behar dugu. Izan ere, egunero eta gaurtik aurrera elkarrekin eraikiko dugun hori izango da gure gizartea”.

Etxebizitzari dagokionez, txostenak dio bai higiezinen agentziek eta bai pertsona partikularrek ukatu egiten dietela pertsona errefuxiatuei eta migratzaileei etxebizitzak edo gelak ikusi ahal izatea, zaildu egiten dietela etxebizitza alokairuan hartzea, edo infraetxeak eskaintzen dizkietela.

Polizia-kidegoen zenbait diskriminazio-ekintza ere identifikatzen ditu: kale gorrian dauden pertsonak bertatik mugiaraztea, kolektibo espezifikoak atxilotzea, agintekeria, kalean jendea bere etniaren arabera geraraztea eta identifikatzeko eskatzea, eta administrazio-prozeduretarako sarbidea oztopatzea.

Gainera, errefuxiatuei traba eta zailtasun ugari jartzen zaizkie banku-kontuak irekitzeko, eta gero, sarritan, blokeatu egiten zaizkie kontuak; egoera hori dela eta, beraz, askotan eragotzi egiten zaie ordainketak egitea eta prestazioak jasotzea.

Horixe da Marie-Ange Bilihe-ren kasua. Marie-Ange Boli Kostatik etorri zen, eta duela bost urtetik bizi da Euskadin, semearekin. Ihes egin behar izan zuen bere herrialdetik, jazarpen politikoa zela eta. Hainbat herrialdetan zehar luze ibili ondoren, Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuen, haurdun zegoela.

Hemen, asiloa eskatu zuen, eta handik urte batzuetara ukatu egin zioten. Bera lanean ari zen, baina egoera irregularrean geratzean, automatikoki galdu zuen lan hura. Urtebete eman zuen bere semearekin bizitzeko etxebizitza bat alokatzeko ahaleginean: “Higiezinen agentziekin ezinezkoa izan zen; ni ikustean edo telefonoz deitzen nienean, automatikoki esaten zidaten ezetz”.

CEARek 2023ko Urteko Txostena aurkeztu du: Errefuxiatuak Espainian eta Europan

Errefuxiatuak Espainian eta Europan da CEARen 2023ko Urteko Txostenaren izenburua, eta txosten horren ondorioak aurkeztu zituen Elena Valverdek, Euskadiko CEAReko lurralde-koordinatzaileak. Hain zuzen ere, 2022an asilo-gaietan munduan, Europan eta estatuan izandako zifren balantzea eta azterketa egiten du txostenak.

Valverderen arabera, “iaz, Espainiako estatuan, lurralderako sarbidea izan zen berriz ere asilo-eskubiderako oztopo nagusia, bai Hegoaldeko Mugan legez kanpoko itzulketak eta irisi ahalako itzulketak egiten jarraitu zutelako, bai gatazkan dauden herrialdeetako nazionalei (hala nola Siriakoei, Palestinakoei eta Yemengoei) iraganbideko bisak eskatzen zitzaizkielako. Era berean, nazioarteko babes-eskaera formalizatzeko hitzordu telematiko gutxi egoteak atzerapenak eragin zituen asilorako sarbidean, eta egoera babesgabean utzi zituen errefuxiatuak”.