Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeak (ZEHAR errefuxiatuekin) Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatu du bihar (asteazkena, abenduak 1) Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko II. Euskal Kongresuari hasiera emango dion ekitaldia.
Ikusi programa eta izen-emateak.
Bilboko Bilborock aretoan izango da topaketa 18:30ean eta “Ahots ausartak” elkarrizketan bi emakume igoko dira agertokira diskriminazioaren eta ahozko eraso xenofoboen biktima gisa izandako esperientzien berri ematera. Topaketa amaitzeko, Miss Raisa rap-abeslari musulmanaren zuzeneko emanaldia izango da.
Ihssan Beleefkih eta Flore Belfang beraien kasua salatzen ausartu ziren Eraberean Sarean (Eusko Jaurlaritzaren Tratu-berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako Euskal Sarean). ZEHAR errefuxiatuekin Sare horretako kide da. “Asteazken honetan bertaratzen direnen aurrean defendatuko dute iseka arrazistei eta xenofoboei ezetz esatea zein garrantzitsua den, jatorri kultural anitzeko gure auzotarren duintasuna laidoztatzea beste helbururik ez baitute izaten”, azaldu du Rosabel Argotek, ZEHAR errefuxiatuekinko Intzidentzia eta Gizarte-partaidetza taldeko kideak.
Ihssanen kasua 2019an gertatu zen, Gasteizen autobusez zihoala beste bidaiari batek hitzez eraso zuen musulmana zelako. “Lehertzeko zorian zegoen bonba baten antzekoa zen eta niri tokatu zitzaidan”, esaten du Ihssanek “El IncenDiario” dokumentalean. Asteazken honetan proiektatuko da dokumentala Bilborocken. Flore Belfang, aldiz, emakume batek eraso zuen hitzez Bilboko autobus-geraleku batean, beltza zelako.
“Ausartak” ekitaldiaren edizio hau ixteko, Miss Raisa izango dugu; Bartzelonako neska gazte musulman gisa duen nortasunari buruzko hiru hiri-olerki rapeatuko dizkigu eta belo islamikoa eramateko duen giza eskubidea aldarrikatuko du. Gaztea, feminista eta ausarta, Miss Raisa ezaguna da “Got Talent” telebistako programaren azken edizioan parte hartu duelako eta aurreiritzi arrazistak eta xenofoboak apurtzeko bere rapak erabiltzen dituelako.