“Aurten Bai!” lelopean eta pandemiaren ondorioz urtebeteko geldialdia izan ostean, abian dira berriz “Bizilagunak” kulturarteko bazkariak. Igande honetan izango da, azaroaren 14an; askotariko kultur jatorriko seiehun bat lagun bazkalorduan elkartuko dira gastronomiaz gozatzeko eta zurrumurru arrazista eta xenofoboak erorarazteko kulturarteko bizikidetzaren mesedetan. Duela bost urte abiarazi zuten ekimena Arabako Foru Aldundiak eta ZEHAR errefuxiatuekin elkarteak, eta lurraldeko “Zurrumurruen aurkako estrategiaren” barruan sartzen da.Guztira 9 udalerri arabar inplikatu dira ekintza honetan: Gasteiz, Amurrio, Laudio, Artziniega, Kanpezu, Agurain, Araia, Maeztu eta Iruña Oka.  Amurrion herri-bazkaria antolatu dute Juan Urrutia plazan; Laudion, zurrumurruen aurkako herriko taldeak salda prestatuko du eta Herriko Plazan banatuko dute; Artziniegan, berriz, nahiago izan dute bilkura txikiagoak egin; Kanpezu eta Arraia-Maeztu herrietan hurrengo igandean, hilaren 21ean, egingo dituzte bazkariak. Agurainen ez dute topaketarik egingo; izan ere, Udalak jarduerak murriztea erabaki baitu herrian nabarmen egin duelako gora COVID-19aren kasuen intzidentziak.

ZEHAR errefuxiatuekin elkarteko Ainhoa Garagalzaren esanetan, “Bizilagunak geure-geurea dugun zerbaiten ateak irekitzeko modu bat da, gure etxeko ateak. Bazkari hauek, zentzu horretan, keinu kolektibo bat dira: parte-hartzaileek beren etxeetako edo txokoetako ateak zabaltzen dizkiote kultur aniztasunari eta itxi, berriz, migratzaile eta errefuxiatuen bazterkeria eragiten duten mezu populistei”.

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Ainhoa Campok dioenez “funtsezkoa da zubiak sortzen jarraitzeko premia berreskuratzea eta aurreiritziak alde batera uztea. Topaketa hauek askotariko kulturetako pertsonengana hurbiltzeko modu bat dira. Aldundiaren apustua bizikidetza indartzea da, hainbat kulturaren eta hainbat jatorritako jendearen arteko bizikidetza indartzea”.

Azken edizioan, 44 nazionalitatetako 1.000 lagunek baino gehiagok egin zuten bat ekimenarekin Araban, eta Euskal Herri osoan 58 nazionalitatetako 2.500 lagunetik gora elkartu ziren bazkaritan.