Joan den astetik, Tolosako asilo-eskatzaileentzako zentroan bizi diren sei pertsona naturguneak mantentzeko proiektu batean lanean ari dira. Zehazki, herritik pasatzen den Oria ibaiaren arroaren garbiketan dihardute.

Ekimena, Zehar eta Tolosako Udalaren artean sortutako lankidetzaren parte da. Arantza Chacón erakundeko zuzendariaren hitzetan, “zentrotik igarotzen diren errefuxiatuen laneratzea sustatzea du helburu. Sarea sortzen lagunduz eta autonomiaren bitartez haien autoestimua landuz”.

Lan-merkatuan sartzeko eta enplegu duina lortzeko dituzten zailtasunen aurrean, Zeharrek errfuxiatuak gizarteratzeko eta laneratzeko hainbat ekimen abian jartzen ari ditu. Horien artean, oraindik hasiberria den helburu sozialetarako enpresa bat martxan jartzea nabarmentzen da, naturaguneetan mantentze eta garbiketa-zerbitzuak eskainiko dituena. “Jarduera hau enpresa horren hazia da. Laster martxan jartzea espero dugu”, gaineratu du Chaconek.

Ekimen honek atzerritarrei buruzko zenbait bulo hausten laguntzen du. Bizkidetza-eredu izan nahi du, gizarte atseginago baten eraikuntzan lagundu nahi duen proiektua da, kulturen arteko elkarbizitza sustatzen duena.