Zehar-Errefuxiatuekinek, erakunde sozialek eta tokiko liderrek elkarlanean egindako misioak agerian utzi du indarkeria gogortzearen, erauzketa-proiektuak ezartzearen eta behartutako desplazamenduen arteko harremana.
Empresas Públicas de Medellín-ek (EPM) ezarritako Hidroituangoko zentral hidroelektrikoak komunitate asko lurraldean geratzea kolokan jarri du, pobretzea eraginez eta behartutako desplazamenduen bitartez. Raquel Celisek, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko Intzidentzia taldeko kideak, bertan egiaztatu du: “Cauca ibaiertzean urrea ateratzen zuten barekeroak izan dira kaltetuenak. Antzinako kultura galdu izana eta artisautzako meatzaritza desagertu ondoren bizimodu berriak aurkitzeko ezintasuna salatu dute. Presaren eragin-eremuan dauden talde armatuek erresistentzian dauden liderrak erasotzen dituzte. Emakumeek premia larrian egiten diote aurre elikadura-subiranotasunaren galerari eta osasunerako sarbidearen prekarizazioari, bai eta indarkeria matxistari, biziki maskulinizatutako ingurune batean, non gero eta langile gehiago enpresen zerbitzura dauden eta legezko eta legez kanpoko eragile armatuak haziz doazen”.
Zentral hidroelektrikoaren eragin-eremuak interes estrategiko handia du meatze-multinazionalentzako: lur bizigarrien % 90 emakidatu dituzte. Elkarrizketatutako eraile guztiak bat datoz indarkeriaren erabilera eta ehun soziala apurtzea estrategia gisa erabiltzen direla lurrak kentzeko, biztaleria kontrolatzeko eta erauzketa-proiektuei mesede egiteko, pobrezia hareagotzearekin eta desplazamenduak behartzearekin batera.
Misioa hainbat erakunderekin batera antolatu da: Paz Con Dignidad-OMAL, Corporación Jurídica Libertad, Red de Organizaciones Campesinas y Sociales del Norte y Bajo Cauca Antioqueño, Nodo Antioquia de la Coordinación Colombia-Europa-Estados Unidos eta Ríos Vivos mugimendua.
Ibilbide bat egin dute Medellinetik Toledo, Ituango eta Valdivia udalerrietara eta Puerto Valdiviako korrejimentura. Bertan, honako kazetari hauek hartu dute parte: Hibai Arbide eta Adriana Cardoso (Zungu Coop.); Arantxi Padilla eta Marcos Alonso (EiTB); María Ángeles Fernández (Pikara Magazine eta www.desplazados.org), Jairo Marcos (freelance fotokazetaria eta hedabide horren sortzaileetako bat), Maite Asensio (Berria), Gabriela Sánchez (www.eldiario.es) eta Silvia Corredor (El Espectador). Zazpi egunez, aipatutako gune eta erakunde horietako hogei lider sozialekin baino gehiagorekin egon dira, eta beren komunitateen egoeraren berri jaso dute.
EPMk Zehar-Errefuxiatuekinekin eta prentsarekin hitz egin du, eta ‘ez-borondatezko bersaneamendua’ kontzeptua erabili du ondasun guztiak, etxebizitza barne, galdu dituzten pertsonen inguruan hitz egiteko. 279 familia dira guztira, enpresaren hitzetan dagoeneko erreparatuak izan omen direnak. Beste 1.299 familia ere zenbatu ditu ‘kaltetu’ gisa eta, enpresaren arabera, hauek ez dira birkokatuak izan behar. Celisek deitoratu du “bizimoduen galerak eta lurraldearen degradazioak komunitateen desplazamendu behartua eragiten duela ez aitortzea. Pertsona deserrotuak dira”.