Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, elankidetzak eta Aldarte eta Zehar-Errefuxiatuekin GKEek osatutako euskal ordezkaritza Hondurasen egon da, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko.

Topaketak izan dira, era berean, Honduraseko zenbait erakunderekin, hala nola Giza Eskubideen Idazkaritzarekin; Nazioko Kongresuarekin eta Honduraseko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalarekin, baita nazioarteko erakundeekin ere; adibidez, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren bulegoarekin eta Espainiako Enbaxadarekin. Bileren eta jasotako lekukotzen ondoren eta aurretik dokumentazioa aztertuta, Ordezkaritzak honako komunikatu hau eman du:

LEHENENGOA.- Gure kezka adierazten dugu, bereziki, LGTBI+ kolektiboko pertsonen erailketa kopuruak gora egin duelako. 2022an, 43 heriotza bortitz erregistratu ziren. Neurri eraginkorrak har daitezela eskatzen dugu, LGTBI+ pertsonak estigmatizatzen eta diskriminatzen dituzten diskurtsoak eta gorroto delituak eta aurriritziak ugaritzeari aurre egiteko.

BIGARRENA.- Gure kezka agertzen dugu giza eskubideen defendatzaileek, herri indigenek eta garifunek, nekazarien komunitateek eta lurraren, lurraldearen eta ingurumenaren defendatzaileek eta emakumeen eskubideen defendatzaileek jasaten dituzten mehatxuengatik, bortxazko utzarazteengatik, kriminalizazioagatik, judizializazioagatik eta estigmatizazioagatik. Gure esker ona eta elkartasuna adierazi nahi diegu giza eskubideen defentsa baketsua egiteagatik. Zentzu horretan, aitortzen dugu defendatzaileak babesteko mekanismo nazional bat izatearen balioa,
eta eskatzen dugu mekanismo horri beharrezko giza baliabideak eta materialak eman diezazkiotela, bere agindua ikuspegi intersekzional eta humanizatzaile batetik garatzeko.

HIRUGARRENA.- Positibotzat jotzen dugu ZEDES Legearen indargabetzea, bai eta Barne Lekualdatutako Pertsonen Prebentzio, Arreta eta Babeserako Legearen eta Estatu Demokratikoa berreraikitzeko Legearen onarpenak ere, eta gertakariak ez errepikatzea eskatzen dugu. Gure kezka agertzen dugu ZEDES Legearen indargabetzeko beharrezkoa den prozesua dela eta, eremu horiek kudeatzen dituzten enpresa multinazionalek auziak eta arbitrajeak aurkezten dituztelako, eta gainera, jarraitzen dituztelako jazarpenak, utzarazteak eta komunitateen lekualdatzeak. Horiek egiten dituzte erauzketa-proiektuak ezartzeko, betiere aldez aurretik estatuko eta nazioarteko araudiko
bermeak eta eskakizunak bete gabe. Honduraseko gobernuari eskatzen diogu egoera horri buelta eman diezaiola, pertsonen eta komunitateen eskubideak bermatuz, legez kanpo dauden Estatuko eta Estatutik kanpoko eragileen interes eta jardueren aurrean.

LAUGARRENA.- Kezka agertu nahi dugu 2022an feminizidioak igo direlako; 252 guztira. Horrekin batera emandako datuak kezkagarriak dira; aurten, egunean erailketa bat gertatu da, % 95eko zigorgabetasun indizearekin. Positiboki ikusten dugu gobernuak hartutako neurria, Emakumearen Institutua Estatuko Idazkaritzara bidaltzea, eta Feminizidioen Jarraipen Batzorde bat egotea. Hondurasko gobernuari eskatzen diogu Idazkaritza horren lana sendotzeko, emakumeen eskubideak bermatzen dituzten politika publikoak diseinatu eta inplementatu ditzan, eta Batzordearen lana bultza dezan. Era berean, Kongresuari eskatzen diogu CEDAWren protokoloa berresteko.

BOSGARRENA. – Hondurasko gobernuari eskatzen diogu aurrera egin dezala, sexu- eta ugalketaeskubideen arloan, sexu indarkeriarekin eta neskatoen eta nerabeen nahi gabeko haurdunaldiekin
bukatzeko. Zentzu horretan, eskatzen dugu BPra sarbide unibertsala bermatzea, emakumeen
erabakitzeko askatasuna errespetatuz.

SEIGARRENA.- Indarkeria eta estortsio-indize altuen aurka borrokatzeko neurri egokiak hartu behar direla ulertuta, gogorarazi nahi dugu neurri horiek proportzionaltasun, egokitasun eta premia printzipioak bete behar dituztela, herritarren eskubide zibil eta politikoak ez urratzeko. Ildo horretan, gomendatzen dugu aurreko printzipioak errespetatu ez ezik, hartutako salbuespenezko neurriak denboran mugatuak izatea.

ZAZPIGARRENA. – Agurtzen dugu Hondurasen Ustelkeriaren eta Inpunitatearen Nazioarteko Batzordea sortzeko Gobernuaren eta NBEaren artean sinatutako memoranduma, eta espero dugu lehenbailehen martxan jartzea, ahalik eta berme handienekin bere eginkizuna betetzeko.

ZORTZIGARRENA. – Eskerrak ematen ditugu erakundeen, gizarte-mugimenduen, Honduraseko erakunde publikoen eta nazioarteko organismoen eta kidego diplomatikoen aldetik izan dugun harreragatik. Konpromisoa hartzen dugu giza eskubideen defendatzaileen egoerari arretaz behatzen eta haien lana segurtasun-baldintzetan bete dadin bermatzen jarraitzeko; horretarako, arreta berezia eskainiko diegu Ordezkaritzak bere gain hartutako konpromisoei, besteak beste, Honduras Diversaren egoeraren segimenduari.