Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, elankidetzak eta Aldarte, Paz y Solidaridad Euskadi eta Zehar-Errefuxiatuekin GKEek osatutako euskal ordezkaritza Guatemalan egon da, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko.

Ordezkaritzak, herrialdean eginiko egonaldian, zenbait bilera egin ditu giza eskubideen eta gizarte-mugimenduen gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin, besteak beste: CODECA Comité de Desarrollo Campesino erakundearekin, Jalapan; OASIS Organización de Apoyo a una Sexualidad Integral frente al SIDA erakundearekin; Alianza Política Sector de Mujeres aliantzarekin; Asociación Civil La Cuerda elkartearekin; Mujeres Transformando el Mundo, MTM-rekin; Organización Trans Reina de la Noche erakundearekin; Asociación Maya Uk´ux B´e elkartearekin; CUCG Comité de Unidad Campesina erakundearekin; ASECSA Asociación de Servicios Comunitarios de Salud elkartearekin; CPDL Asociación Civil Colectivo Poder y Desarrollo Local elkartearekin; SERJUS Asociación Comunitaria para el Desarrollo elkartearekin; ECAP Asociación Equipo de Estudios Comunitarios y Acción Psicosocial elkartearekin, eta FGER Federación Guatemalteca de Escuelas Radiofónicas federazioarekin. Era berean, topaketarako tarteak izan dira nazioarte-mailako eta babeseko erakundeekin, besteak beste: PBI-Guatemala, Protection International; Unidad de Protección de Defensoras y Defensores de Derechos Humanos de Guatemala, UDEFEGUA eta ACOGUATE, Proyecto de Acompañamiento Internacional de Guatemala.

Topaketak izan dira, era berean, Guatemalako zenbait erakunderekin, hala nola Giza Eskubideen Prokuradoretzarekin, bai eta nazioarteko zenbait erakunderekin ere, hala nola Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren bulegoarekin eta Espainiako Enbaxadarekin.

Bileren eta jasotako lekukotzen ondoren eta aurretik dokumentazioa aztertuta, Ordezkaritzak honako komunikatu hau eman du:

LEHENENGOA.- Kezka adierazi nahi dugu giza eskubideen defendatzaileek, herri indigenek, nekazarien komunitateek eta lurraren eta lurraldearen defendatzaileek eta sexu- eta genero-aniztasunaren eta emakumeen eskubideen defendatzaileek jasaten dituzten mehatxuen, behartutako etxegabetzeen, kriminalizazioaren, judizializazioaren, estigmatizazioaren eta behartuta lekualdatzeko egoeraren inguruan. Giza eskubideen inguruko defentsa baketsu horri babesa eta elkartasuna adierazten dizkiogu.

BIGARRENA.- Testuinguru horretan, kezkagarria da, halaber, indarkeria horietan dagoen zigorgabetasun-maila altua, batik bat herri indigenen kasuan eta lurra, lurraldea eta ondasun erkideak defendatzen dituzten herri indigenen eta nekazarien komunitateen kasuan, bai eta LGTBI eta emakumeen giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen kasuan ere. Hori horrela, Ministerio Publikoari, ikerketak egiteko eskumena duen organoari, lan hori susta dezala eskatzen diogu.

HIRUGARRENA.- Era berean, kezka adierazi nahi dugu, gero eta kriminalizazio eta jazarpen  handiagoak jasan ohi dituztelako, haien lana betetzeko, sistema demokratikoaren eta zuzenbide-sistemaren alde lan egiten dutenek; azken batean, adierazpen-askatasunerako eskubidea, informazioa jasotzeko eskubidea eta eskubideak defendatzeko eskubidea –besteak beste, justizia-operadoreak eta, haien artean, epaileak, fiskalak eta justizia-administrazioaren zerbitzura dauden langileak, eta giza eskubideen abokatuak eta kazetariak– bermatzen dituen sistemaren alde.

LAUGARRENA.- Guatemalako erakundeei eskatzen diegu Defendatzaileak Babesteko Mekanismoa berraktiba dezaten, bai eta giza eskubideen, babesaren eta 1996ko Akordioen ondoriozko bake-agendaren segimenduaren gainerako politika publikoak eta erakundeak ere. Eta giza eskubideen eta babesaren inguruan onartutako nazioarteko konpromisoak ekarri nahi ditugu gogora.

BOSGARRENA.- Giza eskubideak defendatzeko erakundeen lana aintzatesten eta babesten dugu. Nabarmendu nahi dugu kezkatuta gaudela bizi duten esposizioagatik, araudiaren eskakizunen babespeko erasoengatik eta haiek etengabe aldatzen eta gogortzen ari direlako, bai eta ospea erabat galtzeko kanpainengatik ere, kontuan hartuta azken horiek gizarte-egitura haustea eta gizarte zibila desmobilizatzea dakartzatela.

SEIGARRENA.- Kezkatu egiten gaitu egungo hauteskunde aurreko testuinguruak; izan ere, oro har, gizarte zibilarenganako eta, zehazki, giza eskubideen defendatzaileenganako indarkeriak areagotu daitezke.

ZAZPIGARRENA.- Eskerrak ematen ditugu erakundeen, gizarte-mugimenduen, Guatemalako erakunde publikoen eta nazioarteko organismoen eta kidego diplomatikoen aldetik izan dugun harreragatik.  Konpromisoa hartzen dugu giza eskubideen defendatzaileen egoerari arretaz behatzen eta haien lana segurtasun-baldintzetan bete dadin bermatzen jarraitzeko; horretarako, arreta berezia eskainiko diegu Ordezkaritzak bere gain hartutako konpromisoei, besteak beste, CODECAren egoeraren segimenduari.