Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta Mugarik Gabe eta ZEHAR errefuxiatuekin GGKE-ek osaturiko ordezkaritza Kolonbian da aurreko larunbataz geroztik, misio batean parte hartzen. Astebetean, hainbat bilera izango dituzte Medellin, Bajo Caucan eta Bogotan, bertako elkarteekin, gizarte-mugimenduekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin, besteak beste Organización Indígena Antioquía (OIA) erakundearekin. Azken horretako kide da aurreko urtean Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartu zuen pertsonetako bat.

Horrelako seigarren misioa da, programan parte hartu duten pertsonei itzuleran laguntzeko ekimen honetan.Hauek dira helburu nagusiak:

  • Harrera egin zaien pertsonei eta haien erakundeei itzultzerakoan jarraipena egitea, egoera zein den jakiteko.
  • Euskal gobernuak, legebiltzarrak eta elkarte eta erakundeek herrialdean bertan ematen duten laguntza eta babesa ikusaraztea.
  • Harrera egin zaien pertsonen erakundeek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak salatzea.
  • Kolonbiako elkarte-sarearen artean Babes Programaren berri ematea eta zabaltzea.
  • FARCekin lortutako akordioak zenbateraino ezarri diren eta ELNrekiko negoziazioa zertan den aztertzea eta behatzea.
  • Kolonbian hainbeste indarkeriari eutsi eta bake-bideak proposatzen dituzten talde, erakunde eta komunitateen lanari nazioartean aitortza egitea.

Bisitaren emaitza txosten batean jasoko da, eta txosten hori Kolonbiako, Espainiako eta Euskadiko erakundeei bidaliko zaie.

ZEHAR errefuxiatuekin oso kezkatuta dago herrialde hartan giza eskubideen defenditzaileen aurkako erasoak eta hilketak zenbateraino areagotu diren ikusita. Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Kolonbiako Bulegoak emandako datuen arabera, 2017an gizarte- eta politika-mugimenduetako 105 lider eta kide hil zituzten. Akordioak sinatu ondoren FARCeko gerrillak jada utzitako eremuetan gertatu dira hilketa horietako asko; izan ere, Kolonbiako Estatuaren aldetik botere-hutsune bat sortu da eremu horietan, eta legez kanpoko talde armatuek hartu dute lurraldearen gaineko kontrola. Horren ondorioz, orobat, areagotzen ari dira behartutako lekualdatzeak, komunitate askok beren bizilekuak utzi behar izan baitituzte derrigorturik.