Datorren ostegunean, azaroak 11, ZEHAR errefuxiatuekink eta Al Borde Films-ek “Ipar basatia” dokumentala estreinatuko dute. Iluntzeko 19:00etan izango da hitzordua (18:30ean irekiko dira ateak) Bilboko Campos Elíseos antzokian eta aurrez izena eman beharko da joan ahal izateko.
Dokumentala ikusi ondoren, Ana Urrutia aurkezleak dokumental honen zuzendariekin eta ekimenaren buru izan den ZEHAR errefuxiatuekinko taldearekin hitz egingo du. Ekitaldia amaitzeko, Amets Arzallus bertsolaria izango dugu.
Ipar basatia dokumentalari buruz
Dokumental hau ZEHAR errefuxiatuekink Al Borde Films ekoizpen-etxeari egindako enkargu bat izan da. Film luze hau erakundearen ekimen baten zati da; izan ere, erakundeak aspalditik jarri ditu elkarrizketan euskal herritarrek 36ko gerran eta Francoren diktadurako lehen urteetan izandako erbeste-esperientzia eta gaur egun babes bila gure lurraldera etortzen direnena.
Raquel Celisek, ZEHAR errefuxiatuekinko intzidentzia eta gizarte parte-hartze taldekoak azaldu duenez, “iraganean oso esanguratsuak izandako bi mugari begira egin dugu: Irun eta Hendaia arteko muga, 37an milaka euskaldunek zeharkatutakoa; eta Mexiko, gure erbesteratuetako batzuei harrera egin zien herrialdea. Gaur egun ere garrantzi handiko lurraldeak dira biak, giza mugikortasunean: Mexiko, urtero ehunka mila pertsonek igarotzen duten lurraldea delako. Irun eta Hendaia arteko muga, ez dirudien arren, egiazko muga delako, Frantziara igaro nahi duten ehunka pertsona afrikarrentzat itxita dagoen muga”.
Al Borde films etxearentzat “hainbat mailatan egindako bidaia izan da proiektu hau. Bestela ia gerturatzerik ez genukeen errealitateetara gerturatzeko zortea dugu gure lanari esker, eta pribilegio hori errespetu handiz eta enpatia dosi handiekin erabili behar da.”