Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren, ekainaren 20aren, bezperan Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR Euskadin erakundeek asiloaren uneko egoeraren azterketa aurkeztu dute.

Zehar erakundeko zuzendari Arantza Chacónek agerian utzi duenez “Ukrainako gerraren ondorioz, asko izan dira gizartean, administrazioa eta komunikabideetan agertutako errefuxiatuekiko elkartasun-adierazpenak. Inguruabarren mailakoa izan da erantzuna”.

Ukrainari dagozkion aldi baterako babesaren erabakiei dagokionez, Euskadiko Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, gaur egun 3.382 eskaera aurkeztu dira. Horietatik 1.438 Bilbon aurkeztu dira, 1.387 Donostian eta 557 Vitoria‑Gasteizen. Gehienak emakumeak dira. “Horrek agerian uzten du gogo politikoa dagoenean, gerratik, gatazketatik eta beste jazarpen mota batzuetatik ihes egiten duten pertsonen babesa bermatzen dela”, gehitu du Chacónek.

Halaber, agerian utzi du “ezin dugula ahaztu beste toki batzuetako pertsonak daudela, euren burua euren herrialdetatik ihes egitera behartuta ikusi dutenak, eta Euskadira babes bila etorri direnak”. Gehitu du “ez dagoela sartzeko bide seguru eta legezkorik, eta, hortaz, bidea geroz eta zailagoa dela. Horrelakoa da itsasoa gurutzatuz Malitik, Marokotik, Senegaletik edo Tunisiatik datozen pertsonen kasua”.

Urteko lehenengo lau hilabeteetan Euskadin 1.234 asilo-eskaera aurkeztu dira (iturria: Barne Ministerioa). 459 aurkeztu ziren Bizkaian, 408 Gipuzkoan eta 367 Araban. Eskaera gehien aurkezten dituzten nazionalitateak venezuelarrak eta kolonbiarrak dira. Kolonbiaren kasuan babesa ia sistematikoki ukatzen da.

Urteko Txostena: Errefuxiatuak Espainian eta Europan

CEAR erakundeko Lurralde Koordinatzaile Elena Valverdek, 2022 Txostena: Errefuxiatuak Espainian eta Europan argitalpeneko hainbat zifra aurkeztu ditu. Bertan 2021. urteari dagozkion hainbat urteko datu biltzen dira.

COVIDak eragindako krisiagatik mugak itxi ziren, eta horren ondorioz Europara datozen pertsonak geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte. 2021ean, Europar Batasunera modu irregularrean iritsi ziren migratzaileen kopuruak gora egin zuen, 2020arekin alderatuta. Gehienak (% 78) itsasotik heldu ziren. Halaber, Mediterraneoa berriz ere izan zen biderik arriskutsuena, eta 2.048 heriotza eta desagertze erregistratu ziren.

Espainiar estatuko nazioarteko babesaren aitorpen-tasak % 10 gora egin zuen arren (oro har % 5ekoa zen), oraindik ere Europar Batasuneko % 35eko batez besteko tasatik urrun dago.

Valverdek ere pasaden otsailean artatu diren eta Ukrainiako profila duten pertsona-kopuruaren balantzea egin du: “Euskadin 1.666 pertsona artatu ditugu guztira gure bulegoetan, eta % 70 emakumeak ziren. 942 Bizkaian artatu dira, 239 Araban eta 485 Gipuzkoan. Arreta mota guztietakoa izan da: lehen harrerako baliabideetara eta zentroetara bideratzea, gizarte-arreta, kontsultak, laguntzak izapidetzea, beste baliabide batzuetara bideratzea, etab.”

Urteko txostena hemen irakurri dezakezu osorik: https://www.cear.es/informe-cear-2022/

Errealitate horren aurrean, bi erakundeek honako hau aldarrikatu dute:

  • Bermatzea migratzaileak eta errefuxiatuak Espainiara eta Euskadira euren bizitza arriskuan jarri barik heltzen direla, eta asilo-prozedurara iristeko legezko bide seguruak erraztea.
  • Amaitzea herrialde hartzaileen interes ekonomikoen zerbitzura dagoen mugen politikarekin; izan ere, horren ondorioz, pertsona asko geratzen dira euren jatorrizko herrialdean edo tarteko herrialderen batean, non euren giza eskubideak ez diren errespetatzen.
  • Amaitzea migratzaileen eta errefuxiatuen instrumentalizazioarekin, presio politikorako tresna gisa erabiltzen baitira.
  • Bermatzea etxebizitza soziala eta gizarte-, hezkuntza-, osasun- eta kultura-baliabide eta -laguntzak eskuratzeko aukera, nazioarteko babesa behar duten edo herrigabeak diren pertsonen zailtasunak kontuan hartuko dituzten irizpideak ezarrita.

Elkarrizketa hiru emakume errefuxiaturekin

Prentsaurrekoaren ostean, hiru emakume errefuxiatuk euren harrera-esperientziari buruz hitz egin dute.

Skarlet Khamad Ukrainiako errefuxiatua da eta martxoaren hasieran heldu zen Euskadira. Fernanda Falcão brasildarra da, giza eskubideen defendatzailea, eta asilo-eskatzailea da. Khatera Dadfer duela 10 hilabete heldu zen, erregimen Talibanetik ihes egiten ari zela. Emakumeen eta neskatoen eskubideen defentsan aritzen zen Afganistanen.

Elkarrizketa osoa hemen ikusi dezakezu

Ekainaren 20ko manifestazioak

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat manifestazio egingo dira euskal hiriburuetan, honako lelo honekin: Izan babes. Diskriminaziorik gabeko harrera. Igandean, 12:00etan, Donostian aterako da, Aquariumetik; eta astelehenean, Bilbon eta Vitoria-Gasteizen, 19:00etan, Arriagatik eta Andre Maria Zuriaren Plazatik, hurrenez hurren.