Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko programetan parte hartzen duten gazteek futbolean laguntza-sare berria aurkitu dute Lezamako Athletic Clubeko entrenamenduetan

Bilbo, 2024ko otsailak 27. Athletic Club Fundazioa eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen arteko lankidetzaren baitan, Zehar‑Errefuxiatuekinen zenbait programetan eta proiektutan laguntza jasotako 25 gaztek (guztiak gizonezkoak) Lezaman egindako lehenengo entrenamenduetan parte hartu dute, gogo eta zirrara handiz. Entrenamenduak 2024ko ekainaren 14ra arte egingo dira.

«Futbolean jokatzera etortzea gustatzen zait, lagunekin ondo pasatzen dudalako eta arazoak ahazten ditudalako, hala nola familia mantendu behar izatea etab. Hemen familia berria sortzen dugu», adierazi zuen parte-hartzaileetako batek, futbolak entretenimendu- eta adiskidetasun-gune gisa duen balioa nabarmenduz.

Beste gazte batek taldearekin duen konpromisoa azaldu zuen, lesionatuta egon arren, eta behin osatu ostean kirol-giroan jarraitzeko gogoa ere zuela esan zuen. «Lesionatu egin naiz eta datorren astean ezin izango dut entrenatu, baina etorri eta nire kideekin egon nahi dut», adierazi zuen, taldearen baitako elkarren arteko laguntzaren garrantzia nabarmenduz.

Iker Bocosek, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko gizarteratze arduradunak, lankidetzaren eragin positiboaren gaineko ikuspuntua partekatu zuen: «Futbolak gune segurua eta erosoa eskaintzen die gazteei, trebetasunak garatu ditzakete, eguneroko arazoak ahaztu, harremanak sortu eta talde baten parte sentitu».

Athletic Club Fundazioak eta Zehar-Errefuxiatuekinek kirolaren bidez inklusioa eta gazte guztien ongizatea sustatzeko konpromisoa izaten jarraituko dute, zubiak eraikiz eta gizarteratzea bultzatuz.

 

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileen gizarteratzearekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, nazioarteko babesa bilatzeko pertsona orok duen eskubidea aitortzeko borrokan erreferentea da erakundea.

Informazio gehiagorako: 688689512 / comunicación@zehar.eus