Datorren asteartean, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, beste urte batez, ZEHAR errefuxiatuekink “2017ko Txostena: Errefuxiatuak Espainian eta Europan” aurkeztu du. Txosten horretan, CEARek gaur egungo asilo-krisiaren balantze bat egin du, eta inoizko zifrarik handienak eman ditu: mundu guztian, 70 milioi pertsona inguruk utzi behar izan dute beren etxea, gerren, gatazken eta jazarpenen ondorioz.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015eko datuekin alderatuta nazioarteko babesaren eskabideak hirukoiztu egin badira ere (163 izan ziren, eta 2016an, 500), oso kopuru txikia dira oraindik, krisi humanitario honen dimentsioekin alderatuz gero; izan ere, Euskadiko biztanleriaren % 0,02 baino ez dira.
Gainera, Javier Galparsoro ZEHAR errefuxiatuekinko presidenteak dioen modura, “Europar Batasunaren hitzarmenak betetzen ez direnez, eta Europara legez eta segurtasunez heltzea ezinezkoa denez, pertsonak beren kabuz etortzen dira; eta horren ondorioz, bideko arriskuak areagotu egiten dira, gizakien salerosketa- eta trafiko-sareetan erortzen dira, neurriz kanpoko kopuruak ordaintzen dituzte, eta bidean hil ere egiten dira”.
2016an EAEn erregistratutako 500 eskaeretatik 277 kasutan lagundu zuen ZEHAR errefuxiatuekink. Erakundeak lagundutako eskaeren artean, pertsona gehienak venezuelarrak ziren (74), gero nigeriarrak (40), eta gero kolonbiarrak (36). Aurreko urtean Ukraina izan zen ZEHAR errefuxiatuekink artatutako eskatzaileen jatorri nagusia, eta oraingoan laugarren nazionalitatea izan da (22), eta Siria, berriz, zazpigarrena (6+ beste 7 adingabeko pertsona, horien ardurapean). Gehienak gizonezkoak dira, baina alde gutxi dago (% 54 gizonezkoak, eta % 46 emakumezkoak), 18 eta 45 urte artean dituzte, eta gehienak Bilbon bizi dira. Erakundeak bere esku hartutako kasuetan onartutako eskabideei dagokienez, 2016an 5 asilo-estatutu eman zituzten, guztiak gizonezkoei: 3 Eritreakoak ziren, bat Ugandakoa eta beste bat Mendebaldeko Saharakoa.
Amaia Benitok, erakundeko laguntza psikologikoko arduradunak, hau gogorarazten du: “ezjakintasunaren ondorioz eta gorrotoaren diskurtsoak eragiten duen beldurraren ondorioz, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonek oztopoz beteriko bide bat aurkitzen dute etxebizitza eta enplegua lortzeko, eta horiek ezinbestekoak dira gizartean integratzeko”.
Estatuko Hitzarmena
Giza eskubide den aldetik, Estatuak kontuan hartu beharreko kontua da asilo-eskubidea bermatzea. Horregatik, eta Patricia Bárcena ZEHAR errefuxiatuekinko zuzendariaren hitzetan,“hitzarmen eraginkor baten jomuga izan behar du, eta hitzarmen horrek bermatu egin behar du hartutako erabakiak mantendu egingo direla, eskubide hori errespetatzeko, aldaketa politikoak eta alderdien ideologiak edozein izanik ere”. Bárcenak hau eskatu zien euskal instituzioei:
- Asilo-eskubidearen aldeko Estatuko hitzarmen hau abian jartzearen eta betetzearen alde egitea.
- Sartzeko legezko bide seguruak eskatzen jarraitzea, asiloa eskatzen duen pertsonaren nazionalitatea kontuan izan gabe.
- Kultura arteko elkarbizitzaz arduratzen jarraitzea, eta hemengo errefuxiatuak eta etorkinak benetan gizarteratzearen alde egiten, haiek ere gizarte honen zati bat baitira.
E20-ko jarduerak
Ekainaren 25ean “La Bilbao Refugio” herri-lasterketa egingo da, eta Óscar Pasarín ultrairaupen-lasterkari euskaldunari errefuxiatuen aldeko erronkaren azken 5 km-etan lagunduko zaio. Hemen duzu erronkari eta lasterketari buruzko informazio gehiago: https://www.cear-euskadi.org/eu/la-bilbao-refugio/
Bihar 12:00etan hasiko da “La Bilbao Refugio” erronka, Bilboko Guggenheim museoaren zabalgunean. 1.000 km egingo dira 8 egunean, errefuxiatuek egunero-egunero egin behar izaten duten ibilbidea ikusarazteko.