Leiria Vay García Maya K’iche indigena da, Guatemalako giza eskubideen eta Ama Lurraren defendatzailea eta CODECAko nazio-politikaren zuzendaritzako kidea. Egun, Euskadin dago, eta parte hartzen ari da Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan.Programaren baitan beste emakume bat artatu da aldi baterako, Kolonbiako Zenú herriko emakume defendatzaile eta indigena bat.

Programaren xedea giza eskubideen defendatzaileei babesa ematea da, baldin eta beren jatorrizko herrialdeetan bizitzaren eta justizia sozialaren alde egindako jarduerengatik beren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan badaude. Babesa bermatzeko, Euskadin sei hilabeteko egonaldia egitea eskaintzen zaie.  Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoria eta Lankidetzaren Zuzendaritzak gidatzen du programa hori eta ZEHAR errefuxiatuekink kudeatzen du. Aurten, gainera, Euskadi-Bakea eta Elkartasuna-CCOO eta Alboan erakundeek parte hartu dute. Erakunde horiek defendatzaileen jatorriko erakundeekin aritzen dira elkarlanean, eta defendatzaileak Programan aurkezteaz arduratzen dira, baita hemengo egonaldian laguntzeaz ere.

Egonaldi horretan, agenda politiko bat garatzen dute hainbat erakunde publiko eta elkarte sozialekin batera, beren nazioarteko babes-sareak hedatzeko eta indartzeko. Sare horiek, praktikan, defendatzaileentzako babes-geruza modura jarduten dute, ahalik eta segurtasun-baldintza onenetan itzul daitezen eta giza eskubideen defentsan jarraitu ahal dezaten. Euskadin egiten duten egonaldiari esker, aldi berean, indarkeria politikoaren inpaktuari dagokionez, atsedena hartu eta euren buruak zaindu ditzakete; horrela, fisikoki eta emozionalki indarberri daitezen.

Leiria Vay Garciari buruzko informazioa

Bi aldiz jarraian hautatu dute CODECA erakundeko presidente eta legezko ordezkari. Eta, bertan, lan-eskubideen aldeko borrokaren koordinatzailea izan da. Nekazarien lan-baldintzen inguruko ikerketa bat koordinatu zuen eta, ikerketa horri esker, agerian utzi zuen nekazaritza-lursailetako familia langileek jasaten duten esplotazioaren eta erdiesklabotzaren maila. Herri indigenen prestakuntza soziopolitikoaren, giza eskubideen eta eskubide kolektiboen eskola ibiltariaren arduraduna izan zen. Gainera, parte hartu zuen Guatemalako Herri Batzar Konstituziogile eta Plurinazionalaren prozesuan aurrera egiteko lantaldean, Estatu Plurinazionala eta Herrien Bizitza Ona lurraldeetan eta lurraldeetatik eraikitzeko asmoz.

CODECA

CODECA gizarte-mugimendua Guatemalan jaio zen 1992an, lurraren eskubideen eta lan-eskubideen alde borrokatzeko. 17 indigena eta nekazari analfabetok sortu zuten. Egun, herrialde guztian zehar ditu antolaketa-egiturak, eta mobilizatzeko ahalmena duen gizarte-mugimendu indartsuena da nazio mailan.

Guatemalako Bakearen sinaduraren ondoren, CODECAk gogor lan egin zuen hilerri klandestinoetako gorpuak lurpetik ateratzen. Ezkutuko hilerri horietan, armadak sarraskitutako pertsonak, familiak eta komunitateak lurperatuta zeuden, gerrillaren aliatuak zirela leporatuta.  Gainera, hainbat esparru defendatzen ditu: lan-eskubideak, giza eskubideak, herri indigenen eskubide kolektiboak, Ama Lurraren defentsa eta uraren eta lurraldearen defentsa. Gainera, pribatizatutako ondasunen eta zerbitzuen nazionalizazioa eskatzen du. CODECAk nazio mailan kokatzea lortu duen borroka nagusietako bat da Guatemalako Estatu plurinazionala eratzeko eskakizuna, Herrien Bizitza Ona helburu duen Herri Batzar Konstituziogilearen prozesu baten bidez.

CODECA Guatemalan gehien erasotu eta zapaldu den gizarte mugimendua izan da. Etengabe jasan ditu difamazioa, estigmatizazioa, jazarpen penala, hainbat egituratako zuzendaritzen aurkako zuzeneko erasoak eta buruzagien hilketa masiboak.

Azken bi urteetan CODECAko 20 buruzagi hil dituzte. Azkena, 2021eko apirilaren 11n.