- Uste du arrazoi horrengatik lekualdatutako pertsonak errefuxiatuak direla, eta haien nazioarteko babesa eskatzen du
- Arazoa ikuspegi feministatik lantzen du, emakumeen gorputz eta bizitzetan duen eragina aztertuz
Bilbo, urriak 27 eta 28.- Urriaren 27an eta 28an “Desplazamendu Behartuen Kausak Eztabaidagai” biltzarra egingo da Bilbon, ZEHAR errefuxiatuekink antolatuta. Bitzarraren helburua da agerian jartzea transnazionalek nolako eragina duten instalatzen diren komunitateetako desplazamendu behartuen sorreran.
Megaproiektu horiek ezartzean (meatzeak, petrolio-enpresak, nekazaritzako erregaiak, presak), bertako pertsonak eta komunitate osoak mugitu egiten dira, eta haien bizimodu tradizionalak ere desagertu egiten dira. Hori gertatzen zaie, esaterako, bizimodua lurrari hertsiki lotua duten komunitateei: indigenei, arbaso afrikarrak dituztenei eta nekazariei. Gero eta arriskutsuagoa da halako megaproiektuei aurre egitea, eta askotan zorigaiztoko ondorioak ekartzen dizkie aktibistei, Berta Cáceres lider indigena hondurastarrari gertatu zitzaion moduan; aurtengo martxoan erail zuten, ingurumen-eskubideak defendatzeagatik. Zoritxarrez, halako asko gertatzen dira.
Munduko Bankuaren iturrien arabera, berrogeita hamar urte hauetan 80 milioi pertsonak lekualdatu behar izan dute Txinan eta 75 milioik Indian, “garapen” esaten diogun horren ondorioz. Iturri beraren arabera, 2011tik 2020ra bitartean, batez beste 250 milioi pertsonak jasango dituzte desplazamendu horiek mundu osoan.
Kasu askotan, pertsonak eta herriak ez dira indarkeria dagoelako lekualdatzen, baizik eta indarkeriaz lekualdatzen dituztelako eta haien lurrez jabetzen direlako. Gertakari horiek kontuan hartuta, ZEHAR errefuxiatuekink eskatzen du kontrola dadila enpresa transnazionalek giza eskubideen arloko nazioarteko akordioak errespetatzen dituztela eta ez dituztela pertsonak lekualdatzen. Azpimarratzen du, halaber, arrazoi horrengatik lekualdatzera behartutako pertsonak errefuxiatuak direla. Badaude horiei nazioarteko babesa emateko nahikoa tresna, baina ez dago borondate politikorik.
Ikuspegi feministatik egindako analisia:
Biltzarrean landuko dira, halaber, botere korporatibo transnazionalak emakumeen gorputz eta bizitzetan duen eragina, nazioarteko babesaren erronkak eta kapitalaren aurrean bizitza defendatzeko alternatiba ekofeministak. Horretarako, arlo horretako zenbait aditu arituko dira hitzaldiak ematen: Beatriz Plaza Escrivá, OMALeko kidea (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia); Liliana Moreno Betancur, Kolonbiako Vamos Mujer korporazioko kidea; Yayo Herrero, FUHEM Ecosocial fundazioko kidea; Merlys Mosquera, migrazio behartuetan aditua; eta Raquel Celis, ZEHAR errefuxiatuekinko kidea.