Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak berretsi egin du lurra defendatzen duten emakumeekin duen konpromisoa, eta haien babesa eta laguntza eskatu du, euren lana bertan behera gera ez dadin

Bilbo, 2024ko otsailak 28. Zehar-Errefuxiatuekinek Utopien Herri Bira. Komunikazioa eta Giza Eskubideak. Gure Burua Babesteko Topaketan parte hartu du, joan de otsailaren 16an eta 17an Basoa Defendatzaileen Etxean (Artea). Brigadas Internacionales de Paz (PBI-EE) eta desplazados.org erakundeek antolatu zuten jardunaldia eta Mesoamerika, Kolonbia eta Euskal Herriko emakume defendatzaile eta gizarte-komunikatzaileak bildu zituen.

Bi egunetan zehar, liderrek eta eragileek talde-armatuen eta enpresa estraktibisten aldetik jasaten duten indarkeria aztertu zuten eta instituzio publikoen babes eza analizatu zuten, testuinguru askotan, botere korporatiboarekin aliatuta daude azken horiek. Haien lanaren kriminalizazioan komunikabide handien papera salatu zuten eta gizarte-komunitateen lana aldarrikatu zuten, haiek ere zentsura eta mehatxuak jasaten baitituzte.

Defendatzaileek haien lurra, bizimodua eta natura-ondasunak defendatzeagatik eraildakoak gogoratu zituzten, hala nola Samir Flores Soberanes, Morelos Proiektu Integralaren (Mexiko) eragina salatzeagatik eraildakoa, eta Ienca Berta Cáceres, beti presente dagoen liderra. Haien borroka mantendu beharra aldarrikatu zuten eta erresistentziarako eta aurre egiteko estrategiak partekatu zituzten, esaterako, Costa Rican erbesteratutako Nikaraguako emakumeen artikulazioa eta Guatemalan garatutako gazte ikasle eta komunitate indigenen erresistentzia.

Zehar-Errefuxiatuekinek Euskal Herrian giza eskubideen defendatzaileak laguntzen eta babesten egiten duen lana azaldu zuen eta komunikatzaile aliatuekin aurrera eramandako estrategia jorratu zuen, Kolonbiako proiektu hidroelektriko handienari (Hidroituango) aurre egin dieten ingurumen-liderrek jasandako indarkeria salatzeko.

«Sare feministek eta nazioarteko babesak bizitzak salbatzen dituzte. Defendatzaileak defendatzen jarraituko dugu eta haien lurraldea defendatzeagatik indarkeria jasaten dutenentzako asiloa aldarrikatzen», adierazi zuen Raquel Celisek, topaketan Zehar-Errefuxiatuekineko ordezkariak. «Jardunaldia hitz egiteko eta taldean ikasteko gunea izan da, emakume defendatzaileekin gure konpromisoa berresteko balio izan digu eta haien lana sorburu herrialdeetan eta erbestean arriskuan ez egotea premiazkoa dela nabarmentzeko».

 

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileen gizarteratzearekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, nazioarteko babesa bilatzeko pertsona orok duen eskubidea aitortzeko borrokan erreferentea da erakundea.

Informazio gehiagorako: 688689512 / comunicación@zehar.eus

Futbola gizarteratze tresna gisa: Aliantza berria Zehar Errefuxiatuekin eta Athletic Club Fundazioaren artean

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko programetan parte hartzen duten gazteek futbolean laguntza-sare berria aurkitu dute Lezamako Athletic Clubeko entrenamenduetan

Bilbo, 2024ko otsailak 27. Athletic Club Fundazioa eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen arteko lankidetzaren baitan, Zehar‑Errefuxiatuekinen zenbait programetan eta proiektutan laguntza jasotako 25 gaztek (guztiak gizonezkoak) Lezaman egindako lehenengo entrenamenduetan parte hartu dute, gogo eta zirrara handiz. Entrenamenduak 2024ko ekainaren 14ra arte egingo dira.

«Futbolean jokatzera etortzea gustatzen zait, lagunekin ondo pasatzen dudalako eta arazoak ahazten ditudalako, hala nola familia mantendu behar izatea etab. Hemen familia berria sortzen dugu», adierazi zuen parte-hartzaileetako batek, futbolak entretenimendu- eta adiskidetasun-gune gisa duen balioa nabarmenduz.

Beste gazte batek taldearekin duen konpromisoa azaldu zuen, lesionatuta egon arren, eta behin osatu ostean kirol-giroan jarraitzeko gogoa ere zuela esan zuen. «Lesionatu egin naiz eta datorren astean ezin izango dut entrenatu, baina etorri eta nire kideekin egon nahi dut», adierazi zuen, taldearen baitako elkarren arteko laguntzaren garrantzia nabarmenduz.

Iker Bocosek, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko gizarteratze arduradunak, lankidetzaren eragin positiboaren gaineko ikuspuntua partekatu zuen: «Futbolak gune segurua eta erosoa eskaintzen die gazteei, trebetasunak garatu ditzakete, eguneroko arazoak ahaztu, harremanak sortu eta talde baten parte sentitu».

Athletic Club Fundazioak eta Zehar-Errefuxiatuekinek kirolaren bidez inklusioa eta gazte guztien ongizatea sustatzeko konpromisoa izaten jarraituko dute, zubiak eraikiz eta gizarteratzea bultzatuz.

 

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileen gizarteratzearekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, nazioarteko babesa bilatzeko pertsona orok duen eskubidea aitortzeko borrokan erreferentea da erakundea.

Informazio gehiagorako: 688689512 / comunicación@zehar.eus 

Arabako bigarren Zurrumurruen Aurkako Eguna martxoaren 2an, larunbata, izango da Guardian

Egun honen helburuak dira Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak egiten duen lana ezagutaraztea eta immigrazioaren aurkako zurrumurruak desegitea

Gasteiz, 2023ko otsailaren 26a. Datorren martxoaren 2an, Biasterin, Arabako Zurrumurruen Aurkako Bigarren Eguna ospatuko da, ZAS! Sareak eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta, Zehar-Errefuxiatuekin, Bitartean Entrentente, ACCEM, Biasteriko Udala, Agharas, UNRWA eta Toparen babesarekin. Egun horretan, “Elkarbizitza ospatzen! Denok bat!” lelopean, Biasteriko bizilagunek jarduera ugari izango dituzte herrian zehar. 

Programazioa 11:30ean hasiko da, Antonio Mijangos Kultura Aretoan. Jarraian, Zurrumurruen Aurkako Arabako Estrategian eta Bizilagunak kultura arteko bazkarietan parte hartzen duten pertsonen esperientziari buruzko solasaldi bat egingo da. Kulturarteko jarduera horrek hainbat jatorritako bizilagunak otordu baten inguruan elkartzea errazten du. 12:30etik aurrera hasiko dira gainerako jarduerak udalerrian zehar. Zehazki, turismo bulegoan (Garcetas etxea) erakusketa bat egingo da. Samaniego jauregian, Guardiako gazteek proba egin eta zurrumurru eta estereotipo arrazistak desegin ahal izango dituzte, escape room baten bidez.

12:30etik 13:30era bitartean, Torre Abacial plazan, speaker ‘s corner bat egongo da, hau da, gune bat non kultura arteko bizikidetza mezuen inguruan hitz egin.  Haurrek ere egun horretaz gozatu ahal izango dute aniztasuna ospatuz, zurrumurruen aurkako haurrentzako ipuin kontalariekin (Torre Abacial plaza), henna lantegiekin (Gaitero plaza) eta ‘Bizikidetza ereinez’ lantegiarekin (Carlos Saenz de Tejada plaza).

Gainera, San Juan plazatxoaren inguruan, bizilagunek Soufiane Charif piano jotzailearen kontzertu batez gozatu ahal izango dute. Amaitzeko, 14:00etatik 14:30era, turismo bulegoan, jardunaldia itxiko da.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen Auzoan gure artean zaintzen kanpainaren epizentroa izango da Bilboko Irala auzoa

Ostalarien laguntzarekin, otsailaren 5, 6 eta 7an egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako neguko arropa bilketa egingo da Iralan.

Bilbo, 2024ko otsailak 1

Elkartasunari eta komunitatearen laguntzari indarra emateko ahalegin bateratuarekin, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak Auzoan gure artean zaintzen kanpaina sortu du, giza eskubideen eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen garapen integralaren defentsarekin duen konpromisoari jarraiki.

«Egoera txarrei aurre egiten dieten pertsonentzako neguko arropa biltzean oinarritzen da kanpaina, hala nola kalean bizi direnentzat eta zerbitzu-publikoek oinarrizko beharrak betetzen ez dizkietenentzat», azaldu zuen Patricia Escuték, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko inklusio taldeko kideak. «Bilboko Irala auzoko ostalarien laguntza sutsua daukagu, otsailaren 5, 6 eta 7an ekintzara deituko dute haiek ere».

Egunero, Bilboko Irala auzoko bulegoetara muturreko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak etortzen dira, bereziki kalean hilabeteak daramatzaten gazteak eta haien herrialdeetatik ihes egitean ondasun asko atzean utzi dituzten familiak adingabekoekin. «Hiri batean bizitza berriari hasiera ematea migrazio-prozesuan fase‑zaila da. Horregatik, neguko arropa bilketarako laguntza eskatzen diegu hain ondo hartu gaituzten auzokideei, lo-zakuak, tapakiak, oinetakoak, jakak edota barruko arropa berria bilduko ditugu», azaldu zuen Tfarah Myeslemek, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko inklusio taldeko kideak.

Bilketa-tokiak ondorengoak dira:

  • Zuberoa Taberna, Zuberoa etorb. 15
  • Bar Patxo, Errege Katolikoen etorb. 6
  • Bar Bizkaia, Errege Katolikoen etorb. 6
  • Bar Estenga, Errege Katolikoen etorb. 11
  • Bar Aitana, Irala k. 15

Kanpaina honek Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen eta Bilboko Irala auzoko tabernen jabeen arteko lankidetzaren isla da, ekimena aurrera eramateko ezinbestekoa dena. Bar Patxoko Lorenak ondorengoa baieztatu zuen: «Helburu zintzo honetan laguntzeko poz-pozik gaude. Guztiek merezi dute arropak edukitzea eta ziur sentitzea, bereziki neguko hilabeteetan. Guztioi gonbidatzen zaituztegu gurekin bat egitera, ekimen baliotsu honen parte izan zaitezten».

Zeharra-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratutako pertsonen integrazioarekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, erakundea erreferentea izan da gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea onartzeko ahaleginean.

Harremanetarako informazioa: 688689512 / comunicación@zehar.eus

Eusko Jaurlaritza buru duen euskal ordezkaritzak Kolonbiara bidaiatuko du Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programan parte hartzen duten pertsonen jarraipena egiteko

  • Noemi Ostolaza Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, Paul Ortega eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Arantza Chacón Zehar-Errefuxiatuen zuzendariak Leire Lasarekin batera, erakunde honen eragin eta parte-hartze sozialaren taldeko kideak eta Eusko Legebiltzarreko eta askotariko Gobernuz Kanpoko Erakundeetako zenbait ordezkarik astebete emango dute herrialdean.
  • Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak sustatzen du babes-programa hori, eLankidetza agentziaren laguntzarekin. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen du programa

Gasteiz, 2024/01/19

Kolonbiara abiatuko da bihar Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saila buru duen euskal ordezkaritza. Guztira 16 lagunek osatzen dute “Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programa” osatzera Hego Amerikako herrialde horretara joango den taldea. Ordezkaritzak Programaren zenbait ediziotan parte hartu duten sei pertsona, guztira, bisitatuko ditu Kolonbian.

Aurten, Noemi Ostolaza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, Paul Ortega eLankidetza – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ordezkatuko dute Eusko Jaurlaritza. Arantza Chacónek, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak, eta Leire Lasak, eragin eta partaidetza sozialeko taldeko kideak, misio honetan parte hartzen dute. Izan ere, Ostolazak zuzentzen duen Zuzendaritzak sustatzen du Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programa, eta horretan eLankidetza agentziaren laguntza du. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen du programa.

Eusko Legebiltzarreko zenbait talde politikotako sei ordezkarik ere osatzen dute ordezkaritza. Hauek dira: Maitane Ipiñazar (EAJ-PNV), Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeko burua; Miren Gallástegui (PSE-EE), Batzorde horretako idazkaria; eta Iñigo Iturrate (EAJ-PNV), Diana Urrea (EH Bildu), Carmelo Barrio (PP-Ciudadanos) eta Isabel González (Elkarrekin Podemos) Batzorde horretako kideak. Gainerako taldekideak teknikariak eta Zehar-Errefuxiatuekin, Alboan, Mugarik Gabe eta Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorako ordezkariak dira.

Jarraipena

Misioaren helburua da programak aurreko urteetan hartu zituen defendatzaileei laguntzea eta lurralde horien egungo egoera bertatik bertara egiaztatzea. Euskal ordezkaritza Santander de Quilichaora joango da bertako komunitateen errealitatea eta defendatzaileen eta tokiko erakundeen egoera pertsonala ezagutzeko asmoz. Ondoren, Medellinera eta Bogotara joango dira. Han, erakunde publikoekin eta nazioarteko erakundeekin elkartuko dira, egoera bertatik bertara ezagutze aldera eta programan hartutako pertsonen babes- eta laguntza-sarea indartze aldera.

Euskal espedizioak azken urteotan, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programaren barruan, Euskadiren laguntza jaso duten sei lagunen jarraipena egingo du. Bereziki, bi emakume bisitatuko dituzte, Euskadiko egonaldiak haiengan izandako inpaktua eta haien egungo egoera ezagutzeko.

Batetik, Euskadin 2022an izan zen eta Antiokiako Erakunde Indigenako (OIA) kide den emakumea. Senu indigena da eta Kolonbiako Caceres udalerriko Puerto Bélgica las Palmas “resguardokoa”. Indarkeriaren biktima gisa, bi desplazamendu behartu egin behar izan ditu: lehenengoa, 2012an, bere herrialdeko barne-gatazkaren ondorioz, eta bigarrena, 2019an, eskubideen defentsan egindako lanaren ondorioz. Bere semearekin batera parte hartu zuen Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Programan.

Bere “resguardo” indigenako “cacica” izan da 2017-2019 bitartean, eta beste kargu batzuk ere bete ditu, hala nola, tokiko Kabildoko idazkaria, Resguardoko Emakumeen Taldeko idazkaria eta Udalerriko Bake Kontseiluko kidea (2018-2021), 10 komunitate indigena ordezkatuz. Era berean, 2021ean emakumeen eskubideen gaikuntzan lan egin du.

Bestetik, joan den urtean Euskadira bidaiatu zuen bigarren emakume bat bisitatuko dute. Giza eskubideen eta eskubide etnikoen eta lurraldekoen beste defendatzaile bat da, eta Kolonbiako Cauca Iparraldeko Komunitate Kontseiluen Elkarteko (ACONC) kidea. Bere alabarekin batera parte hartu zuen programan.

Barranco Río Güengüeko Komunitate Kontseiluko presidenteordea da, ACONC elkarteko Emakume kontseilaria, eta Uraren, Bizitzaren eta Lurraldearen Defentsarako Batzordean parte hartzen du, baita Departamentuko Aholku Batzordean eta Udalerriko Biktimen Mahaian ere. Komunitate beltzentzako ekimen propioak ere zuzentzen ditu, eta, ekimen horiei esker, komunitateentzako benetako garapen eraginkorra lortu ahal izan da, Ongi Bizitzeko Plana betez.

Defendatzaileen babesa

Giza Eskubideen Defendatzaileak programa 2011. urtean sortu zen, haien jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeagatik bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan duten pertsonak babesteko helburuarekin. Ekimen horren babespean dagoen pertsonak sei hilabete ematen ditu Euskadin atseden hartzeko eta bere burua zaintzeko, indarkeria politikoaren inpaktuen aurrean maila fisikoan eta emozionalean indartze aldera.

Programak martxan jarraitzen duenez gero, 2024an Euskadik defendatzaileak hartzen jarraituko du. Zehazki, hiru pertsona artatuko dira Euskadin, bi emakume eta gizon bat. Emakumeetako bat El Salvadorkoa da eta bere semearekin etorriko da; beste bi pertsonak Kolonbiatik iritsiko dira.

Zeharra-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratutako pertsonen integrazioarekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, erakundea erreferentea izan da gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea onartzeko ahaleginean.

Harremanetarako informazioa: 688689512 / comunicación@zehar.eus