“Korrika egin hegan abiatzeko. Hegan egin dena atzean utzita. Amets bakar bat buruan: Beldurrik Gabe Bizitzea”. Horrela abiatzen da “Bizitzeko Ihes Egin. Emakume Errefuxiatuak dira” spota. Bere helburua da euskal herritarrak sexu-esplotaziorako salerosketari buruz sentsibilizatzea eta egoera horretan dauden emakumeei buruzko iruditeria aldatzen laguntzea, emakume horiek errefuxiatutzat har daitezen. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatu dute kanpaina.
ZEHAR errefuxiatuekink jazarpenetik ihes egiten duten emakumeei eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima direnei asilo eskubidea egiaz onartzea defendatzen du, eta horren alde egiten du borroka, baita behin hona iristen direnean beren jatorrizko herrira itzularaz ez ditzaten ere, horrek are arrisku handiagoan jarriko lituzke-eta. Sexu-esplotaziorako salerosketa giza eskubideen urraketa larria da, indarkeria matxista mota bat, eta genero-arrazoiek eragindako jazarpena da. Beraz, emakume errefuxiatuak dira. Alabaina, Espainiako Gobernuak 23 pertsonari baino ez die onartu nazioarteko babes hori arrazoi hori dela-eta.
Sexu-esplotaziorako salerosketaren muinean hiru zapalkuntza-sistema daude: arrazakeria, heteropatriarkatua eta kapitalismoa, eta, hain zuzen, hiru horien uztarketaren ondorio da arazo gordin hau. Emakumeen gorputzak merkantilizatzearen adierazpen larriena da, eta sistema kapitalistak sustatzen du merkantilizazio hori. Ez da kasualitatea biktimak emakumeak izatea eta, gainera, gehien-gehienak (%90) atzerritarrak izatea eta testuinguru ekonomiko pobretuetatik etortzea. Estatuan eta EAEn bertan, egoera horretan dauden emakume gehienak Nigeriatik, Errumaniatik eta Paraguaitik etorriak dira. Baina badira beste nazionalitate batzuetako emakumeak ere, hala nola Ekuatore Gineakoak, Nikaraguakoak eta Brasilgoak. Xenofobiak legitimatu egiten du haiekiko tratu desorekatua, eta “besteak” bihurtzen ditu.
Kanpaina honek emakume biktimaren estereotipo hori hautsi nahi du, eta egiaz zer diren azaldu nahi du: jazarpen horri aurre eginez bizirik iraun duten emakumeak, beren erresistentzia eta indarguneekin. Esteka honetan dituzue kanpainari buruzko informazio guztia eta sortutako materialak: http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/eu/
Bizirik nago
“Bizirik nago” atala ere hor duzue; Clara, Jeanne eta Sarak egin duten ibilbidea jasotzen da bertan. Ibilbide horretan hainbat indarkeria jasan dituzte emakumeok, baina gainditzeko kemena izan dute, erresistentzia pertsonal eta kolektiboko estrategia ugariren bidez. http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/historias/?l=eus
10 gomendio
Tresnak, baliabideak eta ikuspegi berriak eskaintzeko helburuarekin, dekalogo honetan 10 gako dituzue, sexu-esplotaziorako salerosketari buruzko informazioa nola eman jakiteko, betiere asilo-eskubidea kontuan hartuta. http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/wp-content/uploads/2018/05/DECALOGO-EUS.pdf