Hurrenez hurreneko bosgarren urtez ospatuko da Araban Bizilagunak kultura arteko bazkaria. Arabako Foru Aldundiaren eta ZEHAR errefuxiatuekink lurraldeko Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren esparruan sustatuko egitasmoa da, eta zurrumurru arrazista eta xenofoborik gabeko kultura arteko bizikidetza sustatzea du helburu. Azaroaren 11n (igandea) izango da hitzordua.

Egun horretan, Arabako etxe eta/edo txokoetan jatorri kultural ezberdinetako familiak elkartuko dira bazkalorduan. «Askotan gure bizilagunak ezagutu nahi ditugu, baina ez dugu haiekin elkartzeko topagunerik. Bizilagunak programarekin gure etxeetako ateak zabaltzen ditugu, gure eguneroko espazio pertsonala. Aurreko urteetako esperientzietan oinarrituz, egiaztatu ahal izan dugu horrelako egitasmoak kultura ezberdinetatik datozen pertsonen arteko adiskidetasun handien hasiera izaten direla», esan du Arabako ZEHAR errefuxiatuekinko arduradun Rosabel Argotek.

Arabako Diputatu Nagusiaren Kabinetearen zuzendariak, Nekane Zeberiok, adierazi du Bizilagunak ekimenaren asmoa “Araban gizarte irekia, anitza eta elkarrekiko errespetuan oinarritutakoa eraikitzen” laguntzea dela. “Xumea bezain eraginkorra, parte-hartzaileen bizipenetan oinarritzen delako ekimena. Hori da bere indargune nagusia”, azaldu du.

Daouda Traore Boli Kostatik dator. Urtez urte abenduan egiten den Bizilagunak familia-topaketetan parte hartu izan du musikaren bitartez; zehazki, emanaldiak eskaini izan ditu euskara eta afro reggaea uztartzen dituen Kultura Reggae Band bere musika-taldeak. Kultura ezberdinetatik datozen taldekideak biltzen ditu musika-talde horrek, eta aurten lehen aldiz hartuko du parte bazkarietan gonbidatutako familia gisa. Daoudarentzat «Bizilagunak programak jendea ezagutzeko, haiekin erlazionatzeko eta adiskidetasunak sortzeko aukera ematen du».

Gasteizko ekintzaile historiko Juantxo Oskozek Bizilagunak egitasmoaren azken bi edizioetan hartu du parte bere familiarekin. Berarentzat «azaroaren 11n gurekin bazkaltzera etorriko direnei geure buruko nahiz etxe edo txokoetako ateak irekitzea da».

 

Iaz, Bizilagunak egitasmoan, 44 herritartasun ezberdinetako 1.000 lagun bildu ziren 93 etxe eta txokotan. Honako kuadrilla hauek hartuko dute parte aurten: Arabako Lautada, Kanpezu-Arabako Mendialdea, Ariarako Kuadrilla, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla eta Vitoria-Gasteiz.

Jarraian datorren estekan kontsulta dezakezu izen emateko moduei buruzko informazio guztia: https://www.cear-euskadi.org/bizilagunak-2017-una-convivencia-culturas-sin-rumores-xenobofos/

Sakatu hemen edizio honetako bideoa ikusteko.