Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, elankidetzak eta Aldarte, Paz y Solidaridad Euskadi eta Zehar-Errefuxiatuekin GKEek osatutako euskal ordezkaritza Guatemalan eta Hondurasen izango da astebetez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko.2020. eta 2021. urteetan programak hartutako defendatzaileen eta beraien kolektiboen egoerari jarraipena ematea da misioaren helburua. Ordezkaritzak bisita Guatemalan hasi eta Hondurasen jarraituko du, komunitateen errealitatea eta defendatzaileen eta tokiko erakundeen egoera pertsonala ezagutzeko. Era berean, erakunde publikoekin eta nazioarteko erakundeekin ere bilduko da, egoera bertatik bertara ezagutzeko eta programan hartutako pertsonen babes- eta laguntza-sarea indartzeko.
Defendatzaileak babesteko euskal programa
Zehar erakundeak kudeatzen du, eta Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak sustatzen du, eLankidetzaren laguntzarekin. Programa 2011n sortu zen, beren jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeko egiten duten lanagatik bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan ikusten duten giza eskubideen defendatzaileak babesteko helburuarekin. Ekimenaren baitan, defendatzaileak Euskadin sei hilabete ematen ditu, indarkeria politikoaren eraginen ondorioz fisikoki eta emozionalki indartzeko atseden hartu eta zaintzeko.
Euskadin dagoen bitartean, gainera, programak agenda politikoa garatzeko aukera ematen du hainbat erakunde publikorekin eta gizarte-erakunderekin, nazioarteko laguntza sareak zabaltzeko eta indartzeko. Sare horiek babes aterki bat osatzen dute, eta horrek segurtasun baldintza hobeetan itzultzea eta giza eskubideen alde egiten duten lanarekin jarraitzea eragiten du.
Azken 12 urteotan, programak 32 defendatzaile hartu ditu; horietatik 19 emakume, 3 adingabe bere ardurapean eta 9 gizon; Kolonbia, Peru, Honduras, Guatemala eta Mendebaldeko Saharatik etorriak.
Hasieratik, euskal ordezkaritza batek lagundu izan die jatorrizko herrialdeetara itzultzen Kolonbiara, Guatemalara, Perura eta Hondurasera egindako hainbat misioetan.