Urriaren 4an eta 5ean Bizkaia Aretoan egingo dira “Deserrotuak: Lekualdatze behartuak, ingurumen-degradazioa eta giza eskubideak” izeneko jardunaldiak, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak antolatuta.Jardunaldian hainbat gizarte-kolektibo eta lurraldearen defentsan lanean ari diren eragileak elkartuko dira, eta eredu estraktibistak ingurumenean sortzen duen degradazioa eta horrek biztanleen lekualdatze behartuetan duen inpaktua aztertuko dituzte, bai eta arrazoi horregatik nazioarteko babesa eskuratzeko eta onartzeko erronkak ere. Trantsizio energetikoaren mugez ariko dira, eta inor lekualdatzera behartzen ez duten ekoizpen– eta kontsumo-ereduak sortzeko alternatibez ere bai.
Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko Eraginaren eta Gizarte-partaidetzaren taldeko Beatriz de Lucas kideak azaltzen duenez “espazio honek migrazio klimatiko deitzen diegun horietatik haratago sakontzeko helburua du. Lekualdatzeen arrazoi nagusia sistema kapitalista da. Berotegi-efektua eragiten duten gas-emisioen % 70 ehun bat multinazionalen jardueraren ondorio dira. Erauzketa-industriek Hegoaldeko lurraldeak okupatzen dituzte, ondasun naturalak ateratzen dituzte, bertako biztanleen habitata eta bizimoduak suntsitzen dituzte eta, batzuetan, indarkeria erabiltzen dute edo indarkeriazko egoerak aprobetxatzen dituzte bertan bizi diren pertsonak lekualdatzera behartzeko. Horietako asko emakume aktibistak dira, defendatzaileak. Lekualdatutako pertsonak dira, #Deserrotuak”.
Jardunaldietan parte-hartzaile ugari egongo dira, hala nola Antonio Turiel CSICeko (Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia) ikerlaria; Ana G. Aupi komunikatzaile eta poeta; Miriam García Torres, Serigne MemBaye (Senegal) eta Tesh Sidi (Mendebaldeko Sahara) aktibistak; eta Carlos Palacios (Kolonbia), Dalila Argueta (Honduras), Leiria Vay (Guatemala) eta Lilia Prado (Mexiko) lurraldearen defendatzaileak. CEAR eta IM-Defensoras erakundeek, besteak beste, hizpide izango dute zer rol dugun babesa ematearen arloan, lekualdatzea eragiten duen eredu horren aurrean; eta Goiener, Etxaldeko Emakumeak, Munduko Emakumeak, Paz Con Dignidad-OMAL, Bartzelonako Udala eta Euskal Herriak Kapitalari Planto! taldeek eredu horren alternatibak proposatuko dituzte. HEMEN klik eginda deskarga dezakezu jardunaldien egitaraua.
#Deserrotuak kanpaina
Zehar-Errefuxiatuekin erakundea #Deserrotuak lelopean egiten ari den ekintza-sorta baten barruan kokatzen da kongresu hau. Kanpaina horrek migrazio klimatikoez haratago sakontzea du helburu. Ekoizpen, banaketa eta kontsumo neoliberalaren ereduaren ezarpenaren, kolapso ekosozialaren eta biztanleriaren desplazamendu behartuen arteko harremanari buruzko hausnarketa egitea du helburu.