Abenduaren 1ean, 2an eta 3an ZEHAR errefuxiatuekink, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, «Bizitzeko ihes egin» kongresu birtuala antolatu du. Bertan, El Salvadorren eta Hondurasen krimen antolatuak eragindako indarkerien ondorioz, biztanleek egin beharreko lekualdatze behartuak aztertuko dira. Halaber, Mexikon, indarkeria horien ondorioz gertatzen diren mugimenduak ere aztertuko dira. 200 pertsonak hartuko dute parte kongresuan (izen-emateak agortuta).«Krimen Antolatuaren indarkeriak oso bortitzak dira, izua erabiltzen dute biztanleria kontrolpean mantentzeko. Marez ari gara, baina baita narkotrafikoko kartelez ere, edo estatuko agenteez, paraestatalez eta enpresen sikariatoaz ere», azaldu du Ane Garyk, kongresua kokatzen den proiektuko kideak. Gaineratu duenez, «oso matxistak dira botere-egitura horiek, eta, beraz, indarkeria bereziki odoltsua erabiltzen dute zaurgarriagoak diren pertsonen edo kolektiboen aurka; hala nola, emakumeen edo LGTBIQ+ pertsonen aurka”.
Hauek dira kolektibo horiei jazartzeko erabiltzen dituzten modu ohikoenak eta hedatuenak: nahitaezko erreklutamenduak, estortsioa, lan- eta sexu-esklabotza, torturak, pertsonen salerosketa eta trafikoa, edo sexu-indarkeria, besteak beste.
Errealitate horren ondorioz, 2017 eta 2018 artean, El Salvador munduko asilo-eskatzaile berrien jatorrizko seigarren herrialde bihurtu zen, eta Honduras zortzigarrena. Espainiko estatuan, herrialde horietatik etorritakoen asilo-eskaerak biderkatu egiten dira urtero: 2014an 115 ziren; 2018an, berriz, 4.685. 2019an, bi herrialdeetatik etorritako pertsonak babesteko 11.676 eskaera egin ziren: Hondurasetik 6.792 eta El Salvadorretik 4.784. Urte horretan, Honduras izan zen Espainiako estatuan babesa bilatu zutenen jatorrizko hirugarren herrialdea. El Salvador bosgarrena izan zen. Eskaeren gorakada nabarmen hori, neurri handi batean, krimen antolatuak eragindako indarkeriak areagotzearen ondorio da.
Hala ere, datu horiek gorabehera, asiloa ia sistematikoki ukatzen zaie. Asilo-espedientea 2019an ebatzi zitzaien Salvadorreko pertsonen % 88,5ek eta Hondurasko % 79,5ek ez zuten inolako babesik jaso.
ZEHAR errefuxiatuekink dei egiten dio Espainiako Gobernuari pertsona horiek pairatzen duten jazarpen sistematikoa aitor dezan eta asilo-eskubidea aitor diezaien.
Kongresuan gai horiek eta beste batzuk jorratuko dira kolektibo hauekin: La Caravana de Madres Centroamericanas, COMCAVIS Trans El Salvador, COFADEH, IM-Defensoras, Radio Progreso edo El Faro egunkari digitala, besteak beste. Borrokarako, erresistentziarako eta giza eskubideen defentsarako haien estrategiak ezagutuko ditugu, testuinguru bortitz horri aurre egiteko.