Sei hilabete daramatza martxan Oñatiko Larraña Etxeak, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta ZEHAR errefuxiatuekink kudeatutako zentroak. Horregatik, erakunde bietako arduradunek asilo‑eskatzaileentzako lehen harrerarako zentroaren orain arteko ibilbidea ebaluatu dute. Aipagarria da bertan bizi diren asilo-eskatzaileak estatuko harrera-sistemako baliabideetan sartzeko zain daudela.2018ko urrian ireki zenetik, 104 pertsona artatu dituzte zentroan, 22 nazionalitate ezberdinetakoak. Orain arte artatutako pertsonen profil nagusia honako hau da: gizon gaztea (20 eta 30 urte bitartean) eta Saharaz hegoaldetik etorria (Ginea-Konakry, Kamerun, Boli Kosta…). Dena den, zentroan adin txikikoak dituzten 3 familia eta bikote bat ere bizi dira. Gaur egun, 83 pertsona bizi dira zentroan.
Larraña Etxeako zuzendari Arantza Chacónek honako hau azpimarratu du: “hala, elkarrekin bizi dira jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonak, familia‑egoera eta adin ezberdinak dituztenak. Batzuen eta besteen arteko alde horiek aberasgarriak dira elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzeko; esate baterako, zentroaren funtzionamendua irakasten diete sartzen diren pertsona berriei, eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazioa ematen diete edo sortu duten futbol-taldean hartzen dituzte”.
Zentroan dauden bitartean, beren oinarrizko beharrizanak estalita daude: harrera (erresidentzian badago tokia jateko, lo egiteko eta norberaren espazioa edukitzeko), osasun-arreta (Osakidetzarekin koordinatuta), arreta juridikoa, hizkuntza ikasteko laguntza (Oñatiko boluntarioen eta HHEko eskolen bitartez), errolda, eta aisialdia eta prestakuntza (futbola, saskibaloia, informatika, joskintza eta herriko azoka eta ekintzetan parte hartzea). Gainera, gizarteratze‑enpresek kudeatzen dituzte zentroko catering-, garbiketa- eta ikuztegi-zerbitzuak.
ZEHAR errefuxiatuekinko zuzendari Patricia Bárcenak Oñatiko herritarrengandik eta tokiko elkarteetatik jasotako laguntzaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, bereziki nabarmenduz honako hau: “Larraña Etxea aldi baterako harrera-eredu oso positiboa da. Izan ere, demostratu du nola koordina daitezkeen zentroaren lan-dinamikak herriaren, boluntarioen, herritarren plataformen, Udalaren eta beste eragile batzuen inplikazioarekin. Hala, azkartu egiten da aldi baterako harrera-zentroan dauden pertsonen integrazioa, eta komunitatearen parte sentitzen dira”.
Prentsarekin batera instalazioetan zehar egin duten bisita gidatuan honako hauek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández; Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Mónika Hernando; ZEHAR errefuxiatuekinko zuzendari Patricia Bárcena; eta Larraña Etxeako zuzendari Arantza Chacón.