Gaur goizean, Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR), prentsaurreko batean, 2018an Espainiako Estatu osoan erregistratu ziren asilo-eskaeren datuak aurkeztu ditu. Datu horien arabera (iturria: Barne Ministerioa), 1.595 pertsonak eskatu zuten asiloa Euskal Autonomia Erkidegoan: 973 Bizkaian, 385 Araban eta 237 Gipuzkoan.
EAEn egindako eskaera guztien artean, Euskadiko CEARek 974ri lagundu die (% 61): 478 emakumeek egin zituzten, eta 496 gizonek. Nazionalitateei dagokienez, Venezuela izan zen Euskadiko CEARek lagundutako eskaeren jatorrizko herrialde nagusia (% 34); ondoren, Kolonbia (% 8) eta Honduras (% 4,7).
Patricia Bárcena Euskadiko CEAReko zuzendariak hau azpimarratu du: “azken 4 urteetan, izugarri ugaritu dira asilo-eskaerak. Halere, harreraren gaian erreferenteak diren Europako beste herrialde batzuen kopuruetatik oso urrun gaude. Geratzeko datozen pertsonak dira, haiekin bizi gara auzoetan, herrietan eta hirietan. Ugaritze hori, erakundeentzat, instituzioentzat eta gizartearentzat erronka bat da, eta elkarrekin eta koordinatuta egin behar diogu aurre, Euskadin babesa bilatzen duten guztien harrera duin bat emateko”.
Hementxe entzun dezakezu, Naiara Gutiérrez, komunikazio teknikariaren audioa
4 eskaeratik 1ek du aldeko ebazpena.
CEAR kexu da Espainian inoiz baino asilo-eskaera gehiago egon diren urtean, 54.000, aldeko ebazpenen portzentajea % 35etik % 24 murriztu delako. Izan ere, 4 asilo-eskaeratik 1ek izan zuen aldeko ebazpena 2018an. Europako harrera-herrialde nagusien onarpen-tasa baino askoz ere baxuagoa da. Hala, Espainiak nazioarteko babesa eman zion 2.895 pertsonari. Horietatik 575ek errefuxiatu-estatusa lortu zuten, ebatzitako eskaeren % 5ek baino gutxiagok.
Inoiz baino gehiago izan ziren izapidera onartutako asilo-eskatzaileak: 54.065; nahiz eta herritar guztien % 0,1 baino ez izan. Gainera, ebazteko zeuden espediente-kopurua ere izugarri handitu zen: 78.710.
“CEAReko kideok neurriak eskatzen ditugu asilo-sisteman azken urteetan pilatzen ari den buxadura konpontzeko. Egoera honek agerian uzten du beharrezkoak direla bitarteko material eta humano handiagoak prozedurarako sarbidea zein ebazpena ziurtatzeko”, salatu zuen Estrella Galánek, CEAReko zuzendariak.
Nazionalitateei dagokienez, Venezuelak lortu zuen lehen postua eskatzaileen artean, 19.000 eskaera baino gehiagorekin. Hurrengoak Kolonbia (8.650), Siria (2.775) eta Honduras (2.410) izan ziren. Hala ere, venezuelarrek izan zuten ukapen-ehuneko handienetakoa, aldeko 30 ebazpen eta aurkako 1.495 egon baitziren. “Gobernuak iragarritako proposamena aplikatzea espero dugu pertsona horiei baimena emateko arrazoi humanitarioak direla eta, baina beste herrialdetatik datozenei begira ere aplikatu beharko litzateke”, nabarmendu zuen Galánek.
Oztopo berriak
2019ko otsailaren 1etik aurrera, Espainiak aireportu-zirkulazioko bisa eskatzen die palestinarrei; hori dela eta, ezin izan dute Espainian sartu, ezta bertan asiloa eskatu ere. Aurreko urtean Gambiako eta Kamerungo pertsonei ere neurri bera aplikatu zitzaien.
“Gure herrialdera iritsi nahi duten ehunka pertsona hiltzen ari diren bitartean, Espainiak ez ditu baliabide legalak eskaintzen: are gehiago bizitza arriskuan jarri gabe eta trafikanteen esku jarri gabe gure herrialdean babeslekua bilatu nahi duten pertsonen aukerak murrizten dituzte”, adierazi zuen Galánek.
Gainera, CEAR erakundetik ohartarazi dute maren biktimak babesgabetasun-egoera larrian daudela. Nahiz eta El Salvador, Honduras eta Guatemala bezalako herrialdeetako eskaerak areagotu egin ziren, soilik aldeko 15 ebazpen egon ziren 3 herrialde horietako pertsonen artean. “Espainiako agintariek ez diote jaramonik egiten gaizkile-taldeen indarkeriari; gainera, Auzitegi Nazionalaren irizpideak urratu dituzte, talde horien ekintza eta mehatxuak jazarri beharreko jarrera moduan antzeman baitzituen”.
Informazio osagarria: Asilo-eskaeren aurkezpenari buruzko datuak (Barne Ministerioa)
– Tokiaren arabera: lurralde nazionala 47.028; muga-postak 6.494; CIE 1.776; Enbaxadak 370.
– Autonomia erkidegoko: Madril 20.704; Katalunia 8.034; Andaluzia 5.412; Balentziako Erkidegoa 4.330; Melilla 3.475; Kanariak 2.079; Murtzia 1.641; EAE 1.595; Galizia 1.389; Gaztela eta Leon 1.307; Aragoi 973; Gaztela-Mantxa 806; Asturias 531; Balearrak 494; Kantabria 419; Ceuta 348; Navarra 325; Extremadura 240; Errioxa 142.
Materialak: datu eta infografiak kontsulta ditzakezu www.masquecifras.org helbidean, baita honako esteka honetan deskargatu ere.