Globalizazio neoliberal heteropatriarkalak kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkara garamatza ezinbestean. Enpresa transnazionalen zerbitzura dagoen gaur egungo ‘garapen’-eredua gabetze bidezko metaketa-estrategian eta baliabide mugagabeko planetaren mitoan oinarritzen da. Merkataritza libreko hitzarmenak sinatzen dira, enpresa-inbertsioko politikak sustatzen dira eta kapitalaren aldeko lege-esparrua sortzen da, gehiengo sozialen eskubideen kaltetan. Eredu horren aurpegi nabarmenena enpresa transnazionalen jarduera da; besteak beste, behartutako lekualdatze gero eta gehiago sortzen dituen jarduera.
Meatzaritzari, petrolioari eta enpresa hidroelektrikoei loturiko megaproiektuak ezartzen ari dira eta nekazaritzako erregaietara edo industria-nekazaritzara bideratutako monolaboreak hedatzen, eta horien ondorioak konponezinak dira bai naturari dagokionez bai pertsonen eta komunitateen bizimoduari dagokionez; gainera, mundu guztian lurren metaketa areagotzeko pizgarri gertatzen ari da joera hori.
Jendea beren lurraldeetatik alde egitera behartzea funtsezko estrategia da megaproiektu horiek ezartzeko, eta, aldi berean, proiektu erraldoi horien jardueraren ondorio larria ere bada. Latinoamerikako ekintzaileek erakutsi digute jendea, normalean, ez dela lekuz aldatzen indarkeria dagoelako; aitzitik, jendea desplazatzeko dagoela indarkeria. Erresistentziako liderrak (indigenak, ingurumenaren aldeko ekintzaileak, giza eskubideen babesleak…) hil egiten dituzte, derrigorrez desagerrarazten dituzte, indarkeria zentzagarriak ezartzen dizkiete beldurra eragiteko eta erresistentziak indargabetzeko. Ez dira han-hemen une jakin batean sortutako estrategiak, sistemikoak baizik, eredu hori inposatzeko “oztopo” diren pertsonen aurka. Komunitateek bortxa, mehatxuak eta jazarpena jasaten dituzte, eta lurraldeak entregatu behar izaten dituzte derrigortuta. Indarkeria ageriko eta ikusezin horietatik harago, azken ondorioa da lurraldearekin hartu-eman estuan bizi diren horien bizi-moldeak desagertzen ari direla, eta pertsona horiek lekuz aldatzera derrigortuta daudela.
Jendea beren lurretatik alde egitera behartzen duen sistema horren muinean, bertakoei beren ondasunak ebasten dizkien sistema horren erdigunean emakumeen bizitza eta gorputza dago. Emakumeek bete dute bizitzari eusteko rola –lanaren sexu-banaketaren eraginez–, eta, horren ondorioz, emakumeek dute harreman estuagoa ondasun naturalekin; gaur egun desagertzen eta korporazio handien mesedetan pribatizatzen ari diren ondasunekin, hain zuzen ere. Horri gehitu behar zaio, askotan, emakumeek ez dutela lurren jabetzarik, nahiz eta beraiek lantzen eta zaintzen duten lurra; haien lana ekonomia ez-formala esaten zaionaren esparruan garatzen da batez ere, eta esparru horretan ez dute beren lan-eskubideen inolako aitortzarik; oztopoak eta trabak jartzen dizkiete erabakiak hartzen diren guneetara irits ez daitezen, eta, beraz, megaproiektuak ezartzen dituztenean, erabakigune horietan daudenek ez dituzte aintzat hartzen haien interesak eta isilarazi egiten dituzte haien esperientziak eta ezaguerak. Horrekin guztiarekin batera, hainbat indarkeria-mota berritzen dituzte emakumeen gorputzen eta bizitzen gain; hain zuzen, behartutako lekualdaketekin zuzenean loturiko jazarpen-estrategien osagai dira indarkeria horiek guztiak.
Gaur egun Europar Batasunera iristen diren pertsona horietako asko eta asko errealitate horietatik ihesi datoz, pertsona errefuxiatuak dira. Haiek kanporatzeko kausak isilarazteak garapen-eredu suntsikor eta ase ezina legitimatzen du, gure gobernuak eta korporazioak erantzukizun orotatik zuritzen ditu eta pertsona migratzaileen errepresioa eta giza eskubideen urraketa justifikatzen laguntzen du.
Hori guztia kontuan hartuta:
- Premiazkoa da natura mugagabea delako fantasia hori gainditzea; pertsonen kalteberatasuna eta elkarren arteko eko-mendekotasuna onartzea; ondasun materialen metaketari zilegitasuna kentzea; pertsona guztien bizitzak garrantzi bera duela defendatzea; bizitzen eta pertsonen aniztasuna guztion ondasuna dela onartzea eta aldarrikatzea. Premiazkoa da bestelako paradigma baterantz bidea egitea, ekonomia eta gizarte-antolaketa bizitza zaintzearen zerbitzura jarriko dituen paradigma berri baterantz.
- Beharrezkoa da korporazioen botereak dituen interesen aurrean giza eskubideak babestuko dituen esparru juridiko lotesle bat bermatzea. Enpresa transnazionalei zigorrak eta betebeharrak ezarriko dizkieten organismoz eta mekanismoz osatutako lege-esparru bat eskatzen dugu. Espainiako eta Euskal Herriko testuinguruan, politika publikoen koherentziaren esparruan, Espainiako eta Euskal Herriko enpresek atzerrian egiten duten jarduera fiskalizatuko duen mekanismo bat lantzea aldarrikatzen dugu. Lantegi matrizea hemen duten enpresa transnazionalek giza eskubideen nazioarteko esparrua errespetatzea bermatu behar dugu, eta zuzenean edo zeharka jendea beren herrialdetik derrigorrez alde egitera behartzen duten jardunak eta neurriak ez berritzea ziurtatu.
- Ingurumenaren degradazioaren ondorioak eta beren eskubide sozio-ekonomikoen urraketak jasaten dituzten pertsonak pertsona errefuxiatu gisa aintzat hartzea aldarrikatzen dugu, eta pertsona horiei nazioarteko babesa ematea. Espainiako estatuak ezin du ez itzultzeko printzipioa urratzen jarraitu, ezin du pertsonak kanporatzen jarraitu hiltzeko arriskua duten lekuetara, eta ezin du giza eskubideen nazioarteko hitzarmenak urratzen jarraitu.
- Kontsumismoa salatzen dugu, sistema horrek areagotu egiten dituelako desoreka sozial eta ekonomikoak, hauspotu egiten duelako ondasun naturalen lapurreta, eta, aldi berean, azkartu egiten duelako planetaren degradazioa eta suntsiketa. Hori dela eta, euskal herritarren kontzientzia eta gogoeta piztu nahi dugu, kontsumitzaile garen aldetik eredu hori mantentzeko jokatzen dugun rolaz eta eredua eraldatzeko daukagun aukeraz.
- Dei egiten digu herritarrei pertsona migratzaileak eta errefuxiatuak bidean hiltzera behartzen dituzten politika errepresiboen aurka mobilizatzen jarrai dezaten, harrera eta bizikidetza aldarrikatzen jarraitzeko kemenari euts diezaioten, eta, koherentzia kritikoa eta etikoa erakutsiz, aurre egin diezaioten immobilismo politikoari.
- Dei egiten diogu elkartasun internazionalista feministari, mugimenduen artean aliantzak sortzeko, eta aliantza horien eskutik jardun ekonomikoak eta gizarte-antolaketakoak bultzatu ahal izateko, alaitasuna eta zaintza oinarrian direla.