Zehar Errefuxiatuekin (lehen CEAR-Euskadi) elkarteak gaur goizean aurkeztu ditu 2021eko Euskadiko asilo-datu batzuk (iturria: Barne Ministerioa). Euskal Autonomia Erkidegoan asilo-eskaerak % 44,1 gutxitu ziren azken urtean; 2020an 3.085 eskaera izan ziren, eta 2021ean, aldiz, 1.724. Lurraldeei dagokienez, Bizkaian 879 tramite egin ziren, Gipuzkoan 549 eta Araban 296.“COVIDaren ondorioz nazioarteko mugak itxi direlako gutxitu dira eskaerak hein handi batean”, azaldu du Arantza Chacón Zehar elkarteko zuzendariak. “Zoritxarrez, mundu osoan dugun pandemia hau aprobetxatzen ari dira mugak kanpora eramateko eta errefuxiatuak Europara iristea saihesteko”.

Datu orokorrak

Espainiako estatu osoan gutxitu dira asilo-eskaerak, oro har, %26 eskaera gutxiago egin baitira, hau da, 2020ko 88.762 eskaeretatik 2021eko 65.404 eskaeretara igaro gara.

Eskatzaileen profilari dagokionez, Estatuan asiloa eskatu zuten pertsonen %64 gizonezkoak ziren eta %35 emakumeak. “Orain arte ere antzeko ehunekoak genituen. Hazkundea egon da, ordea, sartzeko ibilbideetan aldaketak egon direlako eta horietatik sartu ohi den profil nagusia ere aldatu egin delako”, azaldu du Chacónek.

Eskatzaileen nazionalitatearen arabera, Venezuela eta Kolonbiakoak izan ziren nagusi, baina 2021ean herrialde horien ondoren beste hauetakoak izan ziren nagusi eskatzaile kopuruaren arabera: Maroko, Mali eta Senegal. Aldiz, aurreko urtean (2020) El Salvador, Honduras eta Perukoak ziren gehienak. “Horrek esan nahi du iristen ari diren gehienak itsasoz edo lehorretik datozela, gero eta ibilbide arriskutsuagoak erabiliz”, esan du Elkarteko zuzendariak.

Gainera, asilo-eskaeren %70 ez dira onartzen. Bereziki deigarria da Kolonbiarekin gertatzen dena; eskatzaile kopuruari dagokionez bigarren herrialdea den arren, herrialde horretako % 94ri ukatu egiten zaio asiloa.

ZEHAR datuak

2021ean Zehar-ek 331 pertsona artatu zituen kudeatzen dituen bi zentroetan. Oñatiko Larraña Etxetik 239 lagun igaro ziren. Gehienak gizonezko gazteak, Magrebekoak, ibilbide bereziki arriskutsuetatik iritsi direnak Europara. Baita Ceutan edo Melillan bizi eta penintsula iritsi direnak ere.

Bestalde, Tolosako Zuloaga Txiki zentroan ere Afrikako iparraldeko pertsona kopurua hazi egin dela ikusi da.  Instalazio horietan 92 pertsona artatu ziren, batez ere gizonezkoak.

MARKA ETA ZUZENDARI BERRIA

Zehar-ek urtarrilaren hasieran hasi zuen etapa berria; duela 25 urte jaio zeneko balioak eta printzipioak mantentzen ditu, baina nortasun korporatibo, marka eta izen berria ditu orain. Gainera, erakundea jaio zenetik zuzendaritzan egon den Patricia Bárcenak Arantza Chacóni egin dio tokia; 2001etik dabil Chacón Zeharren.

Zuzendaritza-taldean dago 2019az geroztik. 2018an ireki zirenetik Oñati eta Tolosako zentroetako zuzendaria izan da eta azken urteetan Zeharren esku hartzeko estrategiaren kargu egin da. Etapa berri honi dagokionez, Chacónek hau adierazi du: “errealitateak erronka berriak jartzen dizkigu egunero, errefuxiatuei harrera egingo dien gizartea eraikitzeko. Zeharren dudan postu berri honi esker, hazten jarraitzeko aukera izango dut. Erantzukizun handia da, baina erakundeko guztien babesa dut eta lehenengo egunean genuen ilusioa ere bai”.