46 herrialdetatik etorritako 1.082 pertsona elkartu ziren atzo, Arabako lurralde osoan, etxeetan eta txokoetan egindako kulturarteko 72 bazkarietan. Zurrumurruen aurkako Estrategiaren baitan, Arabako Foru Aldundiak eta ZEHAR errefuxiatuekink, laugarren urtez segidan, Bizilagunak bazkariak antolatu zituzten. Igandez egiten diren otordu horiek tradizionalak dira jada data hauen inguruan.
Bizilagunak ekimena oso intimoa den zerbaiten ateak irekitzeko modu bat da; alegia, gure etxeak irekitzeko modu bat. Bazkari hauek, alde horretatik, herritarren keinu kolektiboa dira, beren etxeetako eta txokoetako ateak irekitzeko eta, aldi berean, ixteko: ireki, kultura-aniztasunari, eta itxi, migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko mespretxua eragiten duten mezu populistei.
Arabako Lautadako, Aiaraldeko, Mendialdeko eta Añanako kuadrilletako hainbat herritan egin ziren bazkariak, bai eta Gasteizen ere. Gauza bera gertatu zen bai Gipuzkoako bai Bizkaiko txoko eta etxe ugaritan, Bizilagunak ekimena Euskadiko hainbat lekutan ospatzen baita.
Araban Bizilagunak bazkarietan parte hartu duten familia guztiei eskerrak emateko, elkarretaratze bat egingo da azaroaren 30ean, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean.