Pandemiaren ondorioz iaz bertan behera utzi ondoren, Bizilagunak kulturarteko bazkariak berriro egingo dira azaroaren 14an, igandean, Arabako etxe eta txokoetan, eta bertan, jatorri kultural desberdineko familiak mahai beraren inguruan eseriko dira zurrumurru arrazistak eta xenofoboak isilarazteko eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko.
Arabako Foru Aldundiak eta ZEHAR errefuxiatuekink duela bost urte abiarazi zuten ekimena lurraldeko “Zurrumurruen aurkako estrategiaren” esparruan. Xedea da atzerritarrekin lotutako zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egitea, maiz bizikidetza oztopatzen baitute.
Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideak zuzendariak, Ainhoa Campok, azpimarratu du oso garrantzitsua dela topaketa horiek berreskuratzea, Aldundiak duela bost urte abiarazi zuen Zurrumurruen aurkako Estrategia sendotzeko. “Garai zail hauen ostean, “Aurten Bai” lelopean ekimena berriro egiteak berreskuratu egin du zubiak sortzen jarraitzeko, elkar ezagutzeko, hitz egiteko eta trukatzeko, eta aurreiritziak eta zurrumurruak alde batera uzteko beharra. Arabako Foru Aldundiak hainbat kultura, erlijio eta jatorritako pertsonen arteko bizikidetza sustatzearen aldeko apustua egiten du”.
Bestalde, ZEHAR errefuxiatuekinko kide Ainhoa Garagalzak espazio horien garrantzia nabarmendu du: “Alde batetik, bizi ditugun une hauetan hedatzen ari dira albiste faltsu arrazistak eta populismo xenofoboak. Bestetik, pandemiak urrundu egin gaitu hainbat kultura jatorritako herritarrek elkar ezagutu eta eguneroko bizitza partekatzen duten komunitate- eta talde-espazioetatik. Testuinguru horretan, Bizilagunak ekimenak berebiziko garrantzia du; izan ere, hainbat kulturatako jendea berriz elkartzeko jarduera da eta herritarrak kulturen nahasketaren alde eta diskriminazioaren aurka jartzeko adierazpena”.
Azken edizioan, Araban 44 nazionalitatetako 1.000 lagunek baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin, eta Euskal Herri osoan egin ziren bazkarietan 2.500 lagun baino gehiago eta 58 nazionalitate inguru bildu ziren.
Aurten, bazkariak Santikurutze Kanpezun, Arraia-Maeztun, Amurrion, Laudion, Artziniegan, Langraiz Okan, Agurainen eta Gasteizen egingo dira. Izena emateko epea urriaren 31n amaituko da, eta parte hartu nahi duten familiek HEMEN eman dezakete izena.