Euren egoerari eta Espainiako asilo-prozedurari buruzko informazioa emango diete, erabaki informatua hartu ahal izan dezaten.
Familiok Espainiako Estatuan asiloa eskatzeko eskubidea dute. Halere, jatorriz Irakeko Kurdistangoak izanik, oso litekeena da nazioarteko babesa behar izatea.
Gogorarazten dugu Durangoko Udalak bere udal-etxebizitzetako batean jaso dituela eta guztira 7 pertsona direla –tartean lau adingabe–, bikote batek eta haien hiru seme-alabek eta emakume batek eta adingabe batek osaturiko bi familiatakoak. Atzo aurkitu zituzten, Elorrion, kamioi baten atoian ezkutaturik bidaiatzen ari zirela.
Ez da kasu bakana, ordea. Egunez egun, bai Europara, bai Espainiako Estatura, bai Euskadira, hainbat jazarpen-motatatik ihesi doazen errefuxiatuak heltzen dira; aurretik, baina, bide arriskutsua ibili behar izaten dute, Europako Batasunaren eta hango estatu kideen muga-politiken ondorioz. 2016an, 195 pertsona hil ziren Europako hegoaldeko mugan, Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkartearen datuen arabera. Denera, mundu osoko migrazio-bideetan hildako edo galdutako 7.583 pertsona erregistratu ziren; horien artetik 5.085 Mediterraneoan hil ziren, ibilbiderik hilgarrienean.
Zorigaiztoko errealitate hori ikusirik, berriz ere ozen eskatu nahi dugu legezko bide seguruak jar daitezela, inor ez dadin hil edo galdu indarkeriatik eta premia gorritik aske biziko diren leku seguru bateranzko bidean.