©Irekia

Babes Gara  lelopean, atzo ospatu zen EiTBren Multibox aretoan Giza Eskubideen Defendatzaileak aldi batez Babesteko Programaren X. urteurrena, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gidatuta, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzaren bidez eta ZEHAR errefuxiatuekink kudeatuta.    Ekitaldiaren burua Beatriz Artolazabal izan da, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, zeinak aintzatespena eta errespetua adierazi dizkien hamarkadan zehar programan parte hartu duten 30 pertsonei (18 emakume, haien ardurapeko 3 adingabe eta 9 gizon).

“Haien lana ikusaraztea, euren bizitzak babestea eta mundua pertsona guztientzat bidezkoagoa eta hobea izan dadin egindako ahalegina Eusko Jaurlaritzaren mandatua eta konpromiso irmoa da, eta, bereziki, ohore handiz zuzentzen dudan Sailarena”, azaldu du Artolazabalek. “Hitz hauen bidez nire errespetua, esker onak eta aintzatespen zintzoena adierazten dizkiet”, esan die defendatzaileei.

Giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko NBEren errelatore berezia ere bertaratu da, Mary Lawlor. Hitzaldian, Lawlorrek aldi baterako birkokatze-programak izatearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, askotan “babes-mekanismo nazionalak ez dira egokiak defendatzaileek aurrean dituzten premiazko egoerentzat. Gainera, askok ez dute genero-ikuspegia edo ez dira egokitzen LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten egoeretara, erasoak jasaten baitituzte botere-egitura zisheteronormatiboei aurre egiteagatik”.

Giza eskubideen defendatzaileen ahotsa ere entzun da. Ekitaldian programan egon diren hiru kolonbiarrek hartu dute parte: Danelly Estupiñán, Komunitate Beltzen Prozesukoa (PCN); Deyanira Soscué, Cerro Tijeras Kabildo Indigenakoa; eta Fabián Torres, Maloka Herrietako eta Kolektiboko Kongresukoa. Guztiek nabarmendu dute programa “nazioarteko elkartasun-tresna gisa, Afrikako oinordekotza duten herrien, indigenen eta nekazarien erresistentzia indartzen duena, baita hiriko sektoreena ere”. Horrez gain, aldi baterako aterpearen garrantzia azpimarratu du, bizitza zaintzeko estrategia gisa, eta baloratu du programaren fokuan jartzea bertatik igarotzen diren herri guztien “kultura-identitatearen errespetua”, “gure borrokentzako bozgorailua baita”.

Ekitaldia galdu bazenuen, ondorengo bideo honetan osorik ikusi dezakezu:

30 defendatzaile jaso dira 10 urtetan 

Programaren helburua da jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeko egiten duten jardueraren ondorioz beren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan ikusten duten giza eskubideen defendatzaileak babestea, Euskadin egindako harreraren bidez, sei hilabeteko epean. Epe horretan, agenda politiko bat egingo dute, hainbat instituzio publiko eta erakunde sozialekin, laguntzako nazioarteko sareak handitzeko eta indartzeko helburuarekin.  Sare horiek, praktikan, babesteko aterki gisa jarduten dute, eta, horiei esker, segurtasun-baldintza hobeetan itzuli eta giza eskubideen aldeko lanarekin jarraitu ahal da.

Hemen egiten duten egonaldiak, gainera, aukera ematen die atsedena hartzeko eta zaintzeko, indarkeria politikoaren eraginak kontuan hartuta, fisikoki eta emozionalki indartzeko.

ZEHAR errefuxiatuekinko Leire Lasak programaren 10 urteen balioa adierazi du: “guretzat, hamargarren urteurren hau borrokak aitortu eta bihotzez eskertzeko ekitaldia da. Gurekin gelan daudenentzat egindako omenaldia, euren lurraldeetatik laguntzen digutenei, hamar urte hauetan ezagutu ditugunei, eta, bereziki, gureak ere diren eskubide horiek defendatzeagatik erail dituztenei edo desagertu direnei. Programak gure kide defendatzaileek gelditzeko eskubide legitimoa dutela sentitzeko, beren bizitzaren zaintza ekintza politikoaren erdigunean jartzeko edo atseden hartzeko eskubidea dutela sentitzeko balio badu, haiekin ospatu ahal dugu”. 

10 urte hauetan, 30 pertsona jaso dira (9 gizon, 18 emakume eta haien ardurapeko 3 adingabe). Kolonbia, Peru, Honduras, Guatemala eta Mendebaldeko Sahara izan dira pertsona horien jatorriak.  Epe honetan, Euskadiko 11 erakundek osatu dituzte laguntza‑sareak. Programara aurkezteaz, bertan dauden bitartean laguntzeaz eta itzultzean euren egoerari jarraipena emateaz arduratzen dira.

#BabesGara

#BabesGara lelopean, eta giza eskubideak babesten dituzten pertsonen egoeraz sentsibilizatzeko helburuarekin, programatik igaro diren 4 emakume defendatzaileren testigantzak biltzen dituen bideoa aurkeztu da.