Osasun-agintaritzek dekretatutako larrialdi-egoeraren aurrean, ZEHAR errefuxiatuekinn ezohiko egoera honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzen ari gara, betiere birusa geldiarazteko emandako prebentziozko gomendio guztiei jarraituz. Horrelako testuinguru zail batean, gure lehentasun nagusia da ahalik eta kalitate handieneko arreta eskaintzen jarraitzea gurekin lan egiten duten pertsonei. Halaber, gure lehentasuna da arreta hori ahalik eta berme guztiekin ematea, gure langileei dagokienez zein artatzen ditugun pertsonei dagokienez. Horretarako, ahal den guztietan lehentasuna emango diegu aurrez aurrekoak ez diren kanalei.Harrera-zentro eta -gailuetako arreta-beharrei erantzuteko funtsezkoak diren oinarrizko zerbitzuak ematen jarraitzen dugu, baita erakundearen gizarteratze- eta laneratze‑programetan dauden pertsonei oinarrizko beharretarako laguntzak ematen ere.
Koronabirusaren hedapenak ondorio latzak dakartza osasun-arloan, zuzenean kaltetzen baitu pertsona askoren osasuna. Baina, gainera, gaitzak zailtasun ekonomiko eta sozialak eragin ditu eta horiek ere gure bizitza-baldintzetan eragina izaten ari dira. Ziurgabetasun-momentu honetan okerren daudenak ditugu gogoan. Horregatik, laguntzeko gure esku dagoen guztia egin nahi dugu, egoera honek sortzen duen sufrimendua ahalik eta gehien saihesteko.
Egoera latzean dauden pertsona horien artean, asilo-eskatzaileak, errefuxiatuak, migratzaileak eta aberrigabeak daude. Eta, gainerako pertsonek bezala, gaitza pairatu dezakete. Haien osasuna arriskuan dago, baina, horrez gain, beren egunerokotasunean zuten prekarietatea areagotu egin da azken egunotan. Ezinbestekoa da, orain inoiz baino gehiago, pertsona guztien eskubideak bermatzea.
- Pertsona batzuek ez dute etxean geratzeko aukerarik; ez dute berrogeialdian etxean konfinatzeko aukerarik. Hori dela eta, CEARek Espainiako Gobernuari eskatu dio lehen harrerako sisteman leku bat emateko, salbuespen gisa, baliabide ekonomikorik ez duten eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsona guztiei. Baliteke pertsona horiek normalean eskatzen den dokumentazioa ez izatea, baina harrera ematen badiegu, asiloa eskatzeko asmoa duen inor ere ez da kalean geratuko.
- Premiazkoa da laguntza-beharrean dauden pertsonentzako babes-neurriak garatzea. Izan ere, pertsona asko gerratik, gatazketatik, indarkeriatik eta gosetik ihesi atera dira beren herrialdeetatik, eta errefuxiatu-esparru superpopulatu eta inprobisatuetan zein mugetan harrapatuta geratu dira, osasun-egoera oso txarretan eta kutsatzeko aukera gehiagorekin. Nazio Batuen Erakundeak gai honi buruzko alerta jo du, eta adierazi du koronabirusari aurre egiteko larrialdi-planak ezin direla giza eskubideak urratzeko erabili. Agerraldia dela-eta egindako larrialdi-adierazpenak ezin dira erabili talde zehatz, pertsona edo gutxiengo batengana zuzentzeko oinarri gisa. Ezin dira ekintza errepresibo gisa erabili, osasuna babesteko aitzakiarekin. Ezin dira, halaber, giza eskubideen defendatzaileen lana ezkutatzeko erabili.
- Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan pilatuta dauden pertsonek kezkatzen gaituzte. Bakartze horrek ez zuen inongo zentzurik lehen ere, eta orain are gutxiago, koronabirusaren ondorioz mugak itxi dituztelako eta pertsonak deportatzea ezinezkoa delako. Hori dela eta, Arartekoak eta erakunde ugarik Gobernuari eskatu diogu zentro horietan dauden pertsonak askatzeko. Oraingoz, Barne Ministerioa ebaluazio indibidualizatuak egiten hasi da “itzultzeko aukera gutxi” dituztenak askatzeko.
- Bestalde, hainbat ekonomia-sektoretan jende asko kaleratzen ari dira. Horietako askori ez diete kontratua luzatuko edo aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteetan sartuko dituzte. Gainera, babes gutxieneko lanak dituzten pertsonak ahultasun-egoera berezian daude. Langile horien artean zaintza-lanak egiten dituztenak edo etxeko langileak daude; horietako asko migratzaileak dira eta arrazakeria sufritzen dute. Pertsona horiek guztiak are babesgabeago egongo dira krisiaren ondorioz.
- Gure gizarteak ezin ditu jarrera xenofoboak onartu. Lehen ere ez, baina orain are gutxiago. Konfinamendu-egun hauetan, gezurrak errazago hedatzen dira, eta, horrela, arrazismoaren birusa azkar zabaltzen da, koronabirusa bera baino azkarrago.
Amaitzeko, krisi honen ondorioei aurre egiteko borrokan ari diren pertsona guztien lana aitortu eta baloratu nahi dugu. Horien artean, gurea bezalako gizarte-erakundeetako langileak daude. Pertsona horiek profesionaltasunez, konpromisoz, erantzunkidetasunez eta enpatiaz lan egiten dute, beren alde onena erakutsiz. Eta, egoeran honetan ere, hurbiltasunez lan egiten jarraitzen dute.