Aste honetako ostegunean eta ostiralean (urriak 3 eta 4), Bizkaia Aretoko Mitxelena salan egingo da “Mugak gurutzatzen dituzten bizitzak. Hegoaldeko Mugari buruzko analisi feminista bat” izeneko kongresua, ZEHAR errefuxiatuekink antolatua, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.Oraindik garatzen ari den proiektu baten emaitza da kongresu hau, eta emakume iheslariek Hegoaldeko Mugan pairatzen dituzten genero-indarkeriak dokumentatu, bistaratu eta nabarmendu nahi ditu. “Saharaz hegoaldeko emakumeek espainiar Estatuaren eta Marokoren artean bizi duten egoerari heldu nahi izan genion, gero eta gehiago baitzetozen gure bulegoetara, eta haiek esandakoetatik ezagutu dugu bi herrialdeen arteko migrazio-politikek nola eragiten dieten gorputzean eta bizitzan”, adierazi du Beatriz de Lucasek, ZEHAR errefuxiatuekinko Intzidentzia eta Parte-hartze Sozialeko lantaldeko kide eta proiektuaren koordinatzaile denak.
Jatorrian bizi duten eta ihes eginarazten dien indarkeriaz gain, emakume izateak ahulago egiten ditu, eta jatorrian, bidean eta helmugan jasaten duten indarkeria areagotu egiten da. Sexu- edo ugalketa-indarkeriaz ari gara, edo sexu- eta/edo lan-esplotaziorako salerosteaz, besteak beste.
Ana Ferri ere proiektu hau aurrera daraman ZEHAR errefuxiatuekinko lantaldeko kidea da, eta berak dioenez, “emakume hauek aurre egin diote beren herrialdetik irten eta hona hel ez daitezen antolatutako sare polizial eta militar bati. Hainbat muga zeharkatu eta indarkeria ugari eta inpunitatea jasan dute eta, beraz, bizirik atera diren emakume moduan bistaratu behar ditugu, sistema arrazista, heteropatriarkal bati pultsua egin eta aurrera atera direla, oztopoak oztopo”.
Estatuan, tokian-tokian eta bidean migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzen dieten erakundeak elkartuko dira kongresuan. Bertan bilduko dira giza eskubideetan, feminismoan eta nazioarteko babesean espezializatutako erakundeak ere, eta hainbat taldek eta adituk jorratuko dute, maila teorikoan, mugek zer ondorio dituzten emakumeen gorputzetan eta bizitzetan.