Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordea (ZEHAR errefuxiatuekin) kezkatuta dago Greziako gobernuak adierazi duelako eten egingo duela asilo-eskubidea, eta Europara Turkiatik igarota heltzen diren eta Greziara doazen errefuxiatuen eskubideak urratzen ari direlako.Ildo horretan, erakundeko zuzendari Patricia Bárcenak dei egin die Diputatuen Kongresuan eta Europako Parlamentuan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei, “beren herrialdea utzi eta Europara babes bila datozen pertsonen giza eskubideak errespetatuko dituen erantzun bat eman dadila eska dezaten”.
Gainera, erakundeak Lesbosen lan egiten duten eta eraso arrazistak pairatzen dituzten GKEetako kideekiko elkartasuna adierazi du. Hori da, adibidez, Zaporeak elkartearen kasua. “Gure laguntza guztia helarazi nahi diegu hemendik”, adierazi du Bárcenak, eta kezkatuta agertu da Greziaren jarrerarekin; izan ere, “asilo-eskubidea ez da edozein modutan eten daitekeen zerbait”. Greziak Genevako Hitzarmena sinatu eta berretsi du, Europar Batasuneko gainerako herrialdeek bezala, eta, beraz, bete egin behar du”.
CEARek eskatzen du giza eskubideekin bat datorren erantzuna eman dadila Grezian
Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeak (CEAR) aste honetan helarazi die Espainiako Gobernuari eta Diputatuen Kongresuari bere kezka Grezia eta Turkia arteko mugan dagoen egoera larriagatik. Muga horretan, milaka migratzaile eta errefuxiatu harrapatuta gelditu dira, asiloa eskatzeko aukerarik gabe, eta indarkeriazko gertaera larrien biktimak bihurtu dira. CEARek Gobernuari eta Europako gainerako agintaritzei gogorarazi die estatuek mugak kontrolatzeko eskubidea dutela, baina kontrol hori giza eskubideak errespetatuz egin behar dela, gehiegizko eta neurrigabeko indarkeria erabili gabe.
Greziako gobernuak iragarri du asilo-eskubide eten egingo duela. Horren aurrean, CEARek nabarmendu nahi du Europako eta nazioarteko araudietan ez dagoela oinarri juridikorik eskubide hori eteteko eta 1951ko Genevako Hitzarmenean jasotako “ez itzultzearen printzipioaren” aurka joan daitezkeen itzultzeak justifikatzeko. Halaber, CEARek azpimarratu du Egeo itsasoko ontziak erreskatatzeko erantzun-falten kasuak dokumentatu direla, eta horrek pertsona horien bizitzak arriskuan jartzeaz gain, nazioarteko araudia urratzen du.
“Premiazkoa da behar diren neurriak hartzea mugetan harrapatuta dauden pertsona guztiak babesteko eta behar duten pertsonei asilo-eskubidea gauzatzen laguntzeko, harrera egokia eskainiz. Zeregin horretan, funtsezkoa da EBko estatu kideek elkartasun eta erantzukizun partekatuko printzipioa aintzat hartzea”, esan zuen Estrella Galánek, erakundeko zuzendariak.
EB-Turkia akordioa
Erakundeak dioenez, egoera ikaragarri honetan egotea Europar Batasunak 2016an Turkiarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioetako bat da. CEARek salatu zuen hitzarmen hori bere garaian. Turkia da munduan errefuxiatu gehien hartzen dituen herrialdea, eta pertsona horietako asko babesgabetasun-egoera larrian daude. EBk bere gain hartu behar du erantzukizuna, eta bere politikak ez du mugatu behar soilik mugak kanporatzera, babesa behar duten pertsonak Europara irits ez daitezen