Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea (ZEHAR errefuxiatuekin) 1996ko maiatzaren 10ean sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan nazioarteko babesa bilatzen zuten pertsonek zituzten beharrei erantzuteko. Orduz geroztik eta orain arte, 90 herrialdetako 40.000 pertsona baino gehiago lagundu ditu erakundeak euren bizitza berriaren hasieran. Gainera, talde juridikoak 25 urte hauetan Euskadin erregistratu diren asilo-eskaera guztien herena izapidetu du.
Historia pixka bat
80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran, gatazka- eta gerra-egoerak gertatu ziren, eta, horren ondorioz, pertsonak bakean bizitzeko leku seguru baten bila joan ziren: Errumania, Balkanak, Ruanda, Angola, Liberia, etab.
Unibertsitateko zuzenbideko ikasle-talde batek Javier Galparsorok (abokatua eta ZEHAR errefuxiatuekinko egungo presidentea) asilo-arloan egiten zuen lanari buruzko interesa agertu zuen. CEAR estatuko erakundearekin lankidetzan ari zen arlo horretan. 1989an, Galpasorok lehen errefuxiatua artatu zuen. Bere hitzetan, “Mapamundi bat erostera joan behar izan nuen Sierra Leona non zegoen jakiteko; Sheikh Omar Kalokoh herrialde horretakoa zen. Hortik aurrera, mundua oso handia zela ikusi nuen. Gizon horrek oso istorio hunkigarria kontatu zidan, eta errefuxiatuaren mundu honetan sakonarazi ninduen, niretzat erabat ezezaguna baitzen. Hurrengo urratsa une hartan indarrean zegoen asilo-legea aztertzea izan zen, haren existentzia ere ez bainuen ezagutzen”.
Urte batzuk geroago ZEHAR errefuxiatuekin sortuko zuten lehen boluntario haien aholkularia izan zen: “Norbaitek sortu behar zuen eta ni izan nintzen pertsona horietako bat”, adierazi du Galpasorok. Ikasle horietako bat Patricia Bárcena izan zen, ZEHAR errefuxiatuekinko egungo zuzendaria eta erakundearen bultzatzaileetako bat hasieratik: “Bosniako gerratik ihes egindako gazte batzuk ezagutu genituen. Harrituta geratu ginen, ez baikenuen ezer ulertzen, zer-nolako harrera egiten ari zitzaien zalantzan jartzen genuen, non zeuden haien eskubideak. Siriaren kasuan duela gutxi gertatu den moduan, garai hartan elkartasun handia zegoen Euskadin Balkanetako Gerratik zetozen pertsonekin. Oso pertsona egonezinak ginen. Egoera horiek sumindu egin gintuzten, eta zerbait egin behar genuela erabaki genuen”.
Urte haietan Euskadin asiloa eskatzen zuten errefuxiatuei ematen zitzaien arreta juridikoa baino ez zen. Asilo-espedientea ebatzi bitartean, pertsonak oso egoera ahulean geratzen ziren laguntza-sarerik ez bazuten. Ez zegoen harrera-etxerik, ezta inolako gizarte- edo lan-laguntzarik ere, eta, edonola ere, laguntzak oso txikiak ziren.
Errealitate horretaz jabetuta, 1996an ZEHAR errefuxiatuekin erregistratu zen erakunde gisa, asiloa eskatzen zuten errefuxiatuen beharrak bateratuko zituen harrera integraleko euskal eredu bat bultzatzeko helburuarekin, eta gizarte-eraldaketan aldeko apustua eginez aldaketarako motor izateko helburu sendoarekin.
Urte horretatik aurrera, arlo juridikoaz gain, beste arreta-ildo batzuk lantzen hasi ziren, hala nola harrera, gizarte-arloa edo gizarte-eragina eta -partaidetza.
Bárcenak gogorarazi duenez, “Orduantxe hasi ginen Euskadin babesa eskatzen zuten pertsonek geratzeko leku bat izatearen inguruko kezkak izaten. Harrera-zentro bat. Leku askotan ibili ginen guneak aurkitzeko”.
25 urte hauetako mugarri batzuk
Polizoiak: ZEHAR errefuxiatuekink hainbat urtez Euskadira edo penintsulako beste portu batzuetara itsasontziz iristen ziren polizoien asilo-eskubidea bermatzeko egin duen lanari esker, abokatu-laguntza sistematikoki bermatzea lortu da, Abokatutzaren elkargoen ofiziozko txanda espezializatuen bidez.
Aitzindariak genero-arrazoiengatiko jazarpenari buruzko ikerketetan: Gizarte-partaidetza eta -intzidentziako taldea aitzindaria izan da genero-arrazoiengatiko jazarpen motei buruzko ikerketak sortzen.} Behartutako joan-etorrien kausak ikuspegi feministatik aztertu dira, eta ikerketak eta sentsibilizazio-produktuak erreferentzia dira bai Euskadin bai Estatuan.
“Larraña Etxea” eta “Zuloaga Txiki” irekitzea:} Oñatiko eta Tolosako asilo-eskatzaileentzat aldi baterako harrera-zentroak ireki ziren 2018an eta 2019an, eta horrek erantzuna eman zion erakundeak urtetan salatu duen egoera bati. Euskadin ez zegoen lehen harrerarako plaza nahikorik. Jende asko zegoen kalean estatuko asilo-sistemaren plazetan sartzeko zain, eta baita pertsona asko ere, beren profilagatik, sistematik kanpo geratzen zirenak. Neurri handi batean ZEHAR errefuxiatuekink agintari autonomiko eta lokalekin egin zuen intzidentzia-lanari esker, 2018ko urrian “Larraña Etxea” zentroa ireki zen Oñatin (80 plaza) eta 2019ko abuztuan “Zuloaga Txiki” Tolosan (35 plaza).
ZEHAR errefuxiatuekinko familia
Hassana Aalia sahararra da. Marokoko auzitegi militar batek biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion, 2010ean Gdeim Izik protesta kanpamentu baketsuan parte hartzea leporatuta, Aaiundik 12 kilometrotara. Aalia Bilbon zegoen hori gertatu zenean, eta ZEHAR errefuxiatuekinko talde politikoak asilo-eskaeran lagundu zion. 5 urteko ibilbide luzearen ondoren, 2016an errefuxiatuaren estatutua onartu zioten.
Ekintzailearen hitzetan, “ZEHAR errefuxiatuekink ez dit soilik laguntza juridikoa eskaini. Familia, lagunak eta adiskidetasuna ere eskaini dizkit. Harro nago migratzaileen, errefuxiatuen eta aberrigabeen giza eskubideen alde egunero borrokatzen duen erakunde handi honen parte izateaz”. Aaliak Tolosako Zuloaga Txiki zentroan egiten du lan gaur egun.
Ana María García erakundeko boluntario eta bazkide beteranoenetako bat da. Harentzat ZEHAR errefuxiatuekin familiako kide izatea, bazkide eta boluntario gisa, aukera bat da: “Bizitzak eman didan aukera bat da, alderdi askotan teorizatzeari eta esaten diren gauzak adierazteari uzteko. Errefuxiatuei buruz termino inpertsonaletan hitz egiten da: iritsi dira, egin diete, esan dute… Baina izen-abizenak jartzen dizkiezunean, norberak duen bizipena bestelakoa da. Ikusmenetik, belarritik, bihotzetik, zentzumenetatik pasarazten zaituzte. Haiei esker naiz gaur naizena”.