Laugarren urtez, Arabak Bizilagunak ekimenarekin bat egingo du, kuadrilla berri baten parte hartzea gehituz: Vitoria-Gasteiz, Aiara, Kanpezu eta Lautadako kuadrillei Errioxakoa eransten zaie. Azaroak 19an izango da aurtengo hitzordua: etorkin, errefuxiatu eta bertoko familiak bazkaltzeko elkartuko dira. Gauza bera gertatuko da Euskal Herriko, Europako eta munduko herri eta hirietako beste hainbat etxeetan.

ZEHAR errefuxiatuekink eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako ekimena da, lurraldeko Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren baitan burutzen dena, ondoko lemapean: “Zaratak ez dezala zure burua kutxatu”. Aurten, Arabako musikariek Bizilagunakekin bat egin dute beraien musikarekin Kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko asmoz. Zurrumurru xenofoboen zarataren aurrean ondoko artistek beraien musika ekimen honen esku jarri dute: Green Valley, Carlos Mena, En Tol Sarmiento (ETS) eta EH Sukarra, beste batzuen artean. Hementxe ikusi dezakezu parte hartzeko gonbidapen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=ZV2Uc9Za8Yk

Rosabel Argotek, CEAR- Euskadiko Arduradunak Araban, azaldu duenez: “Aurreko urtean, 30 nazionalitate ezberdin inguru eta 227 familiek Araba harrera lurraldea dela ozenki esan zuten. Aurten zifra gainditu nahi dugu eta gutxika jatorri ezberdina duten pertsonen arteko laguntasun sarea sortu. Aurreko esperientziek Bizilagunak kultura ezberdinen arteko pertsonen elkarbizitza bermatzeko tresna paregabea dela erakutsi digute. Europako muga ezin dugu ireki, baina ireki ditzakegu gure etxeko ateak eta zabaldu dezakegu gure gogoa”.

Nekane Zeberiok, Arabako Ahaldun Nagusiaren Kabinete Zuzendariak, hauxe azpimarratu du: “Gure lurraldean bizi garen herritarron %11ak, 35.000 pertsonek, gutxi-gora behera, jatorri atzerritarra du. Aniztasunak eta errespetuan oinarritutako bizikidetzak Arabaren izaeraren ezaugarri izan daitezen lanean jarraituko dugu beraz. Hori da Arabako Foru Aldundiaren abiapuntua eta hortan oinarrituta bultzatzen ditu kultur-artekotasuna sustatzeko egitasmoak”.

Diana Idris Nigeriako emakume errefuxiatua da eta aurten bere lehenengo aldia izango da ekimen honetako parte-hartzaile gisa. “Askok uste dute gure bidaia leku seguru batetan gaudenean bukatzen dela, baina ez. Bizitza berri bat zerotik hasten dugu, horrek dakarrenarekin. Horregatik, eskertzekoa da hartzen gaituen gizarteak harrera duina egitea. Bizilagunak bezalako ekimenek gure artean elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko parada onak dira”.

Blanca Urgellek,  Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu ohiak, urteak daramatza Bizilagunaken parte hartzen: “Denok entzun ditugu errefuxiatu eta migratzaileen inguruko zurrumurru arrazista eta xenofoboak. Horrekin bukatzeko aukera paregabea da Bizilagunak ekimenean parte hartzea, gure gogoa zabaltzeko. Azaroak 19ko hitzorduan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dut, bazkari soil bat partekatzetik haratago doan ekintza bat delako, aurreiritziak hautsi eta gure kaleetan, auzoetan eta herrietan dauden pertsonak ezagutzeko aukera paregabea da”.

Hementxe kontsulta dezakezu izena-emateko dauden bide guztiak: https://www.cear-euskadi.org/eu/bizilagunak-2017-zurrumurru-xenofoborik-gabeko-kulturen-arteko-elkarbizitzaren-alde/