2024ko otsailaren 28a, Vitoria-Gasteiz. Joan den 2024ko otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarrak alderdi politikoen gehiengo zabalarekin Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Legea onartzeak garapenerako lankidetzaren etorkizuneko euskal politiken markoa ezartzen du. Bi urteko eztabaida-prozesu parte-hartzailea izan da eta Zehar-Errefuxiatuekinen ezinbestekotzat ditugun alderdiak txertatu dira, egoera zaurgarriko errefuxiatuen, desplazatuen, aberrigabeen eta migratzaileen eskubideen defentsarekin konprometitutako erakunde gisa.

Testu legegilea mugarri nabarmena da Euskadik nazioarteko lankidetzarekin eta elkartasunarekin duen konpromisoan. Prozesuko instituzio- eta gizarte-eragileen partaidetza bereziki balioesten dugu. Inklusio-ikuspuntuak euskal lankidetza eta elkartasunaren ikuspegi partekatua eraikitzea ahalbidetu digu eta legearen oinarrien eta helburuen inguruan adostasun handia lortu dugu.

Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Legeak lankidetza- eta elkartasun-ekintzekin konpromiso solidarioa berresten du eta helburu historikoa ezarri du: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen %0,7 lankidetza politikei zuzentzea eta pertsona ororen duintasuna bermatzeko politika horien botere eraldatzailea aitortzea. Euskal gizarteari bere osotasunean eta instituzioei deialdia egiten die gaitasunak eta baliabideak giza garapenaren, mundu-justiziaren, demokraziaren, giza eskubideen eta bakearen zerbitzuan jartzeko, Hegoaldeko eragileekin elkarlanean. Gainera, Euskadin zein Hegoaldean gizarte-erakundeak indartzen ditu.

Legeak begirada politiken koherentzian eta eragile berriak txertatzean (eskutik joan behar duten kontuak) jartzen duen arren, Legearen izaera partekatua materializatzen duten garapen-tresnak eraikitzeko erronka dago oraindik, Legeak euskal lankidetzaren oinarrizko markoa izan behar baitu.

Horrez gain, kudeaketa eraginkorraren proposamena gauzatzea ere erronka izango da. Lankidetza- eta elkartasun-ekintzak azkarrago eta modu sinpleagoan kudeatzea ahalbidetzen duten arau eta prozedurak garatzea aurreikusten da.

Zehar-Errefuxiatuekinen aburuz, Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Legea onartzea aurrerapauso garrantzitsua da egungo testuinguruan gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko bidean. Gainera, alderdi interesdun guztiekin lankidetzan aritzeko konpromisoa dugu, lege hau modu eraginkorrean ezartzen dela bermatzeko eta pertsona guztientzako mundu bidezkoagoa eraikitzeko.

 

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratzaileen gizarteratzearekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, nazioarteko babesa bilatzeko pertsona orok duen eskubidea aitortzeko borrokan erreferentea da erakundea.

Informazio gehiagorako: 688689512 / comunicación@zehar.eus