Bryanek 28 urte ditu orain, eta duela bi urte baino gehiago iritsi zen Kolonbiatik Euskadira. Valle del Cauca departamentuan jaio eta hazi zen. “Nire haurtzaroa eta bizitza oso normalak izan ziren beti”, dio, baina egun batean dena aldatu zen. Bryan talde armatu baten mehatxuak jasotzen hasi zen haiekin bat egin nahi ez zuelako. Horrek bultzatu zuen Kolonbiatik alde egitera. “Banekien han ezingo nintzela ni izan. Helburua zugan markatzen dutenean, ezkutatuta ere, badakizu aurkituko zaituztela”, azaldu du.
Orduan, Euskadira abiatu zen, hemen lagun bat zuelako. Covid-19aren pandemia baino lehentxeago heldu zen. “Ezer gabe iritsi nintzen, nire lagunak bere etxean hartu ninduen eta itxialdi guztia igaro nuen berarekin”, gogoratzen du. Une hartan ez zuen apenas informaziorik bere aukeren inguruan, asiloa eskatu zezakeenik ere ez zekien. “Nik uste nuen hori gerratik ihes egiten duen jendearentzat bakarrik zela, ez nire egoeran dagoen jendearentzat”.
“Nire lagunak ahal izan zuen laguntza guztia eman zidan, baina une batean ezin ninduen gehiago mantendu”, kontatu du. Momentu hartan, kale gorrian eta lan-baimenik gabe zegoela, lagun bat Zeharri buruz mintzatu zitzaion. “Oñatiko Larraña Etxera bidali ninduten eta guztiarekin lagundu zidaten. Egoteko leku bat, janaria eta asiloa eskatzeko prozesua hasteko behar nuen laguntza guztia eman zidaten”.
Orain, Euskadira iritsi zenetik ia hiru urte igaro direnean eta arreta soziosanitarioko ikastaro bat egin ostean, Bryanek lan-baimena lortu du eta osasun zentro batean lanbide-praktikak hastear dago. “Oso urduri nago datorrenagatik, baina gogo handia dut”, komentatu du. Hala ere, gogoratu du prozesua gogorra izan dela, Zeharren harrera-programan sartuta ere: “Iristen zarenean, atzean utzitako guztiagatik dolua bizi duzu. Egokitu behar zara, arauak daude… Korapilatsua da, hemen gauden pertsonetako bakoitzak oso motxila desberdinak ditugulako eta elkarrekin bizitzea ez delako beti erraza izaten”.
Kolonbiara bueltatzearen inguruan galdetuta, zalantzak ditu, nahiz eta familia eta bere bizitzaren zati handi bat igaro zuen lekua faltan dituen. Euskadiri “maitasuna hartu” diola aitortu du, eta ziurrenik bere etorkizuna hemen eraikiko duela uste du, izan ere, ez dio uko egin nahi hemen “lasai bizitzeko” duen “segurtasunari”.