Covid 19k eragindako osasun-krisiak askotariko gizarte- eta lan-ondorioak ditu gizarte osorako. Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, ZEHAR errefuxiatuekink ikusgaitasuna eman nahi dio erakundeak artatzen duen kolektiboak enpleguaren arloan aurre egin beharreko egoera espezifikoari.Honako hau adierazi du Patricia Bárcena erakundeko zuzendariak: “Oro har gertatzen ari den errealitate horren aurrean, krisiaren aurretik lan-prekarietate eta -ahultasun egoeran zeuden pertsonak are eta okerrago daude krisiaren ondorioz. Hori gertatu zaie errefuxiatuei, asilo-eskatzaileei, migratzaileei eta aberrigabeei.”
Erakundeko Prestakuntza eta Enplegu taldeak honako egoera hauek ikusi ditu:
- Alarma-egoeran, asilo-eskatzaileek lan-baimenak berritzeko erabiltzen dituzten polizia-bulegoak itxita daude. Espainiako Gobernuak adierazi du baimen guztiek indarrean jarraitzen dutela alarma-egoeran baina enpresa batzuek uste dute arriskutsua dela lan-baimena berritu gabe duen norbait kontratatzea eta Gizarte Segurantzan alta ematea.
- Osasun-krisiaren ondorioz lan-sektore batzuek kalte handia jasan dute, esaterako, ostalaritzak, turismoak edo etxeko langileek. Sektore horietan, ABEEEak abian jartzea edo kontratuak ez berritzea izan da joera nagusia. Beste sektore batzuek baino atzerritar langile gehiago kontratatzen dituzte eta, oro har, prekarioagoak dira.
- Etxeko langileen egoera oso ahula da. Lan-sektore babesgabeenetako bat da, eta langile atzerritarren proportzio handiena du, asko egoera irregularrean daude, ezkutuko ekonomian lan egiten dute eta esplotazio-baldintzetan daude. Horrek, gainera, koronabirusaren aurrean esposizio handiagoa izatea eta prebentzio-neurri txikiagoak hartzea dakar.
- Atzerritar askok kaleko salmentan lan egin behar izaten dute, beste enplegu-aukerarik ez dutelako. Kalera atera ezinezko konfinamendu-egoera honetan, kolektibo hori euren diru-sarreren iturri bakarra gabe geratzen da eta, beraz, jada prekarioa zen egoera oso ahula bihurtzen da.
- Osasun-krisialdian, enplegu-aukerak areagotu egin dira garbiketaren, sektore soziosanitarioaren edo etxez etxeko banaketaren sektorean, eta sektore horiek funtsezkoak dira atzerritar askorentzat. Hala ere, zoritxarrez, esparru horien ahultasuna areagotu egiten da gaur egun, langileei eskaintzen dieten segurtasun-faltagatik. Horregatik, prebentzio-neurriak hartu behar dira, izan ere, lehen ere eskasak baziren, orain askoz eskasagoak dira.
- ZEHAR errefuxiatuekink positibotzat jo ditu osasunaren edo nekazaritzaren sektoreetako lan-premiak asetzeko abian jartzen ari diren ekimenak. Hala ere, tamalgarria iruditzen zaio, alde batetik, osasun-ingurunearen kasuan, hasierako proposamenak izan duen ibilbide eskasa; izan ere, badakigu administrazioaren esku jarri diren eta ezinbesteko profila betetzen duten asilo-eskatzaile asko ez direla kontratatu orain arte. Bestetik, horrelako neurri puntualek migratzaileak tresna bihurtu eta gure premien zerbitzura jartzen dituzte, baldin eta eskubide gisa hartzen ez badira. Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen eta migratzaileen giza eskubideak bermatuko dituzten eta irregulartasuna saihestuko duten lege- eta gobernu-erantzunak aldarrikatzen ditu ZEHAR errefuxiatuekink, Europako Kontseiluak gomendatzen duen bezala.
- ZEHAR errefuxiatuekink artatzen dituen pertsona asko jasotzen ari ziren prestakuntzak ere eten egin dira, batez ere lanerako prestakuntzak, online aukerarik ez dutenez gelditu egin direlako. Horrela, ezerezean gelditu dira haien proiektu profesionalak.
- Eten digital nabarmena dago. Gure kolektiboaren zati handi batek ez du administrazio publikoek eta ia edozein zerbitzuk eskaintzen dituzten bide telematikoak erabili ahal izateko gaitasunik. Osasun-alarma egoerak eten hori agerian uzten du, eta are gehiago isolatzen ditu pertsona horiek. Eta gaitasun horiek izan ditzaketenek, batzuetan, arrakala ekonomikoa ere izaten dute (wifi-a ordaindu ezin izatea edo komunikatu ahal izateko gailu mugikorrak, tabletak edo eramangarriak ez izatea); horregatik, arazo horiek arintzeko laguntza-neurriak hartzea eskatu dugu.
Ezohiko maiatzaren 1 honetan, ZEHAR errefuxiatuekink Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko erakundeei eskatzen die kontuan har dezatela zer-nolako egoera espezifikoa duten errefuxiatuek, asilo-eskatzaileek, migratzaileek eta aberrigabeek COVID 19ren ondoriozko gizarte- eta ekonomia-krisiari irtenbidea emateko ezartzen diren lan- eta gizarte-planetan.