Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea kontakizun-liburua argitaratu berri du ZEHAR errefuxiatuekink. Liburu horren bidez, agerian jarri nahi da zer-nolako historiak bizi izaten dituzten Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeek, Espainiako Hegoaldeko Mugan zehar igaroz Europarako migrazio-proiektu bati ekiten diotenean. Amanda Andrades kazetariak idatzi du liburua, eta Amelia Celayak egin ditu diseinua eta irudiak eta ZEHAR errefuxiatuekinren webgunean salgai dago, HEMEN sakatuz.
Liburuan dossierra HEMEN deskargatu dezakezu. Andradesek azaldu duenez, “kontakizunek bost emakumeren ausardia erakusten dute. Emakume horiek, askotariko indarkeria-testuingurutatik ihesi, muga errealez eta sinbolikoz jositako bide luze bati ekin zioten, Hegoaldeko Mugaraino. Lauk lortu zuten gurutzatzea, eta gaur egun gure artean ditugu; beste bat, berriz, Marokon dago oraindik, noizbait muga igarotzeko itxaropenez”.
Liburuaz gain, erakundeak azalpen-bideo bat ere prestatu du, ikusarazteko zer beste zailtasuni aurre egin behar dieten emakume horiek ihesaldian, Europara igarotzean eta helmugara iristean.
Mugak gurutzatzen dituzten bizitzei buruzko ikerketa
ZEHAR errefuxiatuekinko Intzidentzia eta Parte-hartze Sozialeko taldeak iaz Ceutan, Melillan eta Marokoko iparraldean egindako ikerketa bat izan da lan honen abiapuntua. Talde horrek, han emandako denboran, inguruko migratzaileei eta errefuxiatuei laguntza ematen dieten 40 erakundetik gora elkarrizketatu zituen, bi asmorekin: batetik, ezagutaraztea zer-nolako indarkeria matxistak jasaten dituzten Saharaz hegoaldeko emakumeek Hegoaldeko Muga igarotzean, eta bestetik, jakitea ea emakume horiek nazioarteko babesa jasotzen ari ziren.
Hala, ikertzaile-taldeak, Beatriz de Lucasen gidaritzapean, egiaztatu zuen Hegoaldeko Muga aspalditik dela esternalizatzeko eta militarizatutako migrazio-politikak probatzeko laborategi nagusia. Muga horretan, migrazio-kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen bermearen gainetik daude. Hain zuzen ere, gaur egun Hegoaldeko Muga gurutzatzen duten emakume gehienek salatu dute sexu-indarkeria jasan dutela bidean.
De Lucasek gaineratu duenez, “mugetako sexu-indarkeria sistemikoaz gain, Saharaz hegoaldetik Europara bide horretatik datozen emakumeek beste era askotako indarkeria ere pairatzen dute, hala nola beren ugalketa-askatasunarekin lotutakoa, erakundeetako indarkeria eta indarkeria ekonomikoa. Indarkeria hori guztia dela-eta, emakumeek hainbat ondorio pairatzen dituzte: bortxaketen ondoriozko haurdunaldiak edo behartutako abortuak, arrazakeria, eta salaketa egitean etengabe haien lekukotzak zalantzan jartzea; gainera, Marokon dauden bitartean alternatiba ekonomikorik ez dutenez, sarritan, sexu-esplotazioan eta/edo lan-esplotazioan sartzen dituzten pertsonen edo sareen menpe erortzea.”
Egilea eta irudigilea
Amanda Andrades González kazetaria da. Nazioarteko informazioan, giza eskubideetan, migrazioan eta feminismoan espezializatuta dago. CTXT aldizkariko erredakzioan egiten du lan. Idazten hasi aurretik, 10 urte eman zituen nazioarteko lankidetzako proiektuetan lanean Latinoamerikan eta Afrikan.
Amelia Celaya asturiarra diseinatzaile grafikoa eta irudigilea da, argitalpen-diseinuan espezializatua. Haur, gazte zein helduentzako argitalpenetan egin ditu irudiak; besteak beste, honako hauetan: “Cosas que sucedieron o no”, “Catalina y los bosques de hormigón” eta “Naiyiria” lanetan.