“La Bilbao Refugio”, ZEHAR errefuxiatuekink (Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea) antolatu duen lasterketa herrikoiak, 400 pertsona baino gehiago elkartu ditu gaur goizean Bilboko kaleetan. Pertsona horiek guztiek euren laguntza erakutsi gura izan die errefuxiatuei “Babeslekuaren alde arineketan” goiburuarekin. Hitzordua jai giroan gauzatu da, eta erakundeetako eta kultura eta kirol munduko zenbait pertsonaren partaidetza izan du.
Lasterketa hasi aurretik, Javier Galparsoro ZEHAR errefuxiatuekinko Presidenteak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten pertsona guztiei, ekimenaren aurrean erakutsitako konpromisoarengatik “gure gizartea ez dagoela insentsibilizatuta erakusten duelako, badaudela benetan, esklabotasunetik, miseriatik, heriotzatik, azken finean, ihes egiteko korrika egitea zer den benetan dakiten pertsonak”.
Galparsorok esker oneko hitzak izan ditu, baita ere, aurten bigarren edizioa bete duen ekimenean lagundu duten erakundeentzat: Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Bizkaiko Abokatutzaren Elkargo Gorena eta Eroski.
Jai giroa
Kirol lehiaketaz gain, egun osoan jai giroa izan da nagusi, “Batukale” batukadaren animazioari eta Guggenheim museoaren zabalgunean, ZEHAR errefuxiatuekinren txosnaren inguruan, prestatu diren jarduerei esker. Izan ere, jarduerak ez dira amaitu lasterketako partaideak helmugara heldu direnean, familiako argazki handia egin ondoren, Portugaleteko Diversion Rock musika taldearen emanaldia hasi baita. Lasterketaren arduradunek azpimarratu gura izan dute rock taldeak ZEHAR errefuxiatuekinri eman diola bere kontzertua.
Halaber, “Bilbao Refugio” lasterketak gizarte eta kultura munduko jende ezagunaren aurretiazko laguntza ere izan du, besteak beste, proban parte hartzera bultzatzeko bideoak bidali dituzten Ramón Barea eta Jon Plazaola antzezleena eta Ana Urrutia aurkezlearena.
Lasterketa, urtero ekainaren 20an egiten den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta ZEHAR errefuxiatuekink antolatu dituen jardueren barruan dago. Horrela, erakundeak gogorarazi duenez, 2017an 970 pertsonak asilo eskaria egin zuten EAEn, 2016an egindako eskari kopurua bikoiztuz. Hori dela eta, ezinbestekoa da egungo harrera sistema handitzea.