ZEHAR errefuxiatuekink, Errefuxiatuaren Laguntzarako Euskadiko Batzordeak, jai eta aldarrikapen zirkuitu handi bilakatuko ditu berriro Bilboko kaleak, errefuxiatuen egoerari ikusgaitasuna emateko. “La Bilbao Refugio”, Guggenheim Museoaren zabalgunean hasi eta amaituko den 5 kilometroko herri lasterketa ekainaren 23an izango da, goizeko 11:30etik aurrera, eta CEAR Euskadik Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna (ekainaren 20a) ospatzeko antolatu dituen jardueren amaiera puntua izango da. Zirkuitua oinez ere egin ahal izango da, eta jai ekitaldi batekin amaituko da.
“Errefuxiatuen alde korrika” lemapean, euskal GKEaren arduradunek kolektibo horren beharren aurrean beti ere adi eta konpromisoarekin egoteko beharra helarazi gura diote gizarteari. Javier Galparsoro ZEHAR errefuxiatuekinko presidenteak gogorarazi duenez, “mugaren alde honetan jaio garenok egoki dokumentatuta gaude, eta ez dugu inorengandik ihes egiten”. Hori dela eta, euren etxeetatik ihes egin behar izan duten eta gure hirietan, herrietan eta auzoetan asiloa aurkitu duten pertsona guztien alde korrika egiteko gonbidapena luzatu du.
Ekitaldiak zenbait erakunde publikoren eta pribaturen laguntza du, Eusko Jaurlaritzarena, Bilboko Udalarena, Bizkaiko Abokatutzaren Elkargoarena eta Eroskirena, hain zuzen ere. Horrez gain, hainbat pertsona garrantzitsu ekimenaren alde agertu dira, Ana Urrutia ETBko aurkezlea edo Ramon Barea antzezlea, besteak beste.
Izena emateko 10 euro ordaindu beharko dira, eta jasotzen den diru guztia Euskadin dauden errefuxiatuen beharrei erantzutera zuzenduko da, CEAR- Euskadiren bitartez. Antolatzaileek postu bat prestatuko dute Areatzako oholtzan aurreko astean, zuzeneko izen ematea errazteko (online egiteko dagoeneko prest dago hemen) eta kamisetak banatzeko. Larunbatean, ekainaren 23an, lasterketa amaitu ondoren, Guggenheimeko zabalgunean bertan, babeslekuaren aldeko jaia egingo da “Batukale” batukadaren animazioarekin eta Diversion Rock taldearen emanaldiarekin, ekimenari amaiera emateko.