Bryanek Kolonbiatik alde egin zuen talde armatu baten mehatxuengatik: “Iristen zarenean, atzean utzitako guztiagatik dolua bizi duzu”
Bryanek 28 urte ditu orain, eta duela bi urte baino gehiago iritsi zen Kolonbiatik Euskadira. Valle del Cauca departamentuan jaio eta hazi zen. “Nire haurtzaroa eta bizitza oso normalak izan ziren beti”, dio, baina egun batean dena aldatu zen. Bryan talde armatu baten mehatxuak jasotzen hasi zen haiekin bat egin nahi ez zuelako. Horrek bultzatu zuen Kolonbiatik alde egitera. “Banekien han ezingo nintzela ni izan. Helburua zugan markatzen dutenean, ezkutatuta ere, badakizu aurkituko zaituztela”, azaldu du.
Fatima 2021eko maiatzean igaro zen Ceutara, bere bikotekidearengandik ihesi: “Lasaitasun handia ematen dit hemen nire bizitza arriskuan ez dagoela jakiteak”
Fatimak 2021eko maiatzean zeharkatu zuen hegoaldeko muga, Marokoko gobernuak mugak irekitzea erabaki zuenean, Espainiako gobernuarekin zituen harreman diplomatikoak okertu eta gero. Milaka pertsona Ceutara eta Melillara igaro ziren muga-postuak irekita egon ziren orduetan. Fatima Tarajaleko hondartzatik sartu zen Ceutara, bikotekidearen indarkeriatik ihesean. “Beldur nintzen nire bizitzagatik eta, batez ere, alde egitea beste irtenbiderik ez nuela sentitzen nuen, han inork ez gaituelako horrelako egoeretatik babesten”.
Larraña Etxea Tania eta bere nebaren etxe berria bihurtu da, duela gutxi Ukrainatik ihes egindako neba-arrebak
Otsailaren 24an, 18 urte dituen Tania Kieven zegoen bere lehengusinarekin partekatzen zuen apartamentuan. Lehengusinak gauaren erdian esnatu zuen, leherketa bat entzun zuelako. Gogoan du egunak zeramatzatela balizko gerraren inguruko kontuak entzuten, txantxak ere egiten zituzten, inoiz ez baitzuten pentsatu benetan gerta zitekeenik.
Lehengusinaren abisuaren ostean, bakoitzak bere ama deitu zuen eta biak atera ziren Kievetik, nor bere herrira joateko. Tania bere amarekin eta 15 urteko nebarekin elkartu zen Olivan, eta lehengusina Zorynera joan zen bere familiarekin.
Taniak egun batzuk eman zituen Olivan, baina gatazkak jarraitzen zuela eta soldadu errusiarrak apurka-apurka ingurura gerturatzen ari zirela ikusita, amak erabaki zuen handik irteteko unea zela. Taniari eta bere nebari eskatu zien behar-beharrezko gauzak har zitzaten eta Poloniako mugara eraman zituen. “Ez dut inoiz ama egun hartan bezain urduri eta nahigabetuta ikusi”, gogoratzen du Taniak. Ukrainatik atera zen 15 urteko nebarekin, baina haien amak bertan geratzea erabaki zuen, laguntza emateko. “Arropa eta elikagaiak jasotzen laguntzen ari da, baita beste pertsona batzuei herrialdetik ateratzen ere”, azaldu du.
Tania Euskadira etorri zen, aurretik ezagutzen baitzuen lekua. 7 urtez Errenteriako familia batekin igaro zituen udak, harrera-programa bateko partaide gisa, eta bertan ikasi zuen gaztelania. “Bidea luzea eta oso deserosoa izan zen. Trena jendez gainezka zegoen eta une batzuetan ia ezin ginen lekutik ere mugitu hankak luzatzeko”, dio Taniak. Guztira, bost egun behar izan zituzten Euskadira iristeko. Hemen, uda horietan guztietan jaso zuen familiarekin elkartu zen. Orain ezin dute euren etxean hartu, baina ahal duten guztiarekin laguntzen diote, etapa berri hau ahalik eta jasangarriena izan dadin, bai berarentzat, bai nebarentzat.
Oñatiko Larraña Etxea bien etxe berria bihurtu da. Azaldu duenaren arabera, neba nahiko ondo moldatzen ari da eta lagunak egin ditu jolasteko eta denbora pasatzeko. Amarekin gutxi gorabehera harreman jarraitua mantentzea lortu du, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio. Laster Euskadin berarekin elkartzea espero du, nahiz eta badakien, momentuz Ukrainan asko duela egiteko, “han jarraitzen dutenei laguntzeko”.
Lagunekin eta beste senide batzuekin hitz egitea zailagoa izaten ari da, herrialdeko zenbait eremutan estaldura oso ezegonkorra delako. “Badakit Olivan gauzak oso gaizki daudela, bi aste daramatzatela urik eta argindarrik gabe, eta soldadu errusiarrak etxeetan miaketak egiten ari direla, jendeak ezkutuan armarik ez duela ziurtatzeko”, dio, eta kontatzen du nola bere osaba bat frontera deitu duten eta zelan bere lehengusina ezin izan den herrialdetik atera, nahiz eta Zoryn egoera Olivan baino lasaiagoa den, ezin baitituzte inguruko errepideak erabili alde egiteko.
Paper eta agiri guztiak ahalik eta lasterren konpontzea espero du, bere neba institutura itzul dadin eta, horrela, nolabaiteko normaltasuna berreskuratu dezaten. Berak ere itzuli nahi du errutinara, lana aurkitu eta eskoletara bueltatzea gustatuko litzaioke. Gatazka hasi baino lehen, administrazio ikasketak egiten ari zen Kieveko unibertsitatean eta orain Espainiako estatuan jarraitu ahal izatea espero du. “Hemen ikastea gustatuko litzaidake, baina jakinda Ukrainara itzul naitekeela eta han dena dagoela ondo, nire familia, nire lagunak eta nire bizitza guztia han daudelako”.
3 asilo istorio: maren jazarpena El Salvadorren eta ezkontza behartuta Chaden
Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da eta pairatutako jazarpenagatik ihesean joan diren pertsonen errealitate ezberdinak ezagutzera eman nahi ditugu.
Informazioa jaso
Egin zaitez harpidedun gure buletinean, errefuxiatuei buruzko berri guztiak ezagutzeko eta nola lagundu dezakezun jakiteko