• Erkidegoko eta erkidegotik kanpoko migratzaileentzako informazio- eta orientazio-zerbitzu publikoa Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortua da eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen du
  • Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok zentroa bisitatu dute, proiektua xehetasun handiagoz ezagutzeko

Bilbo, 2024/11/15

Euskadiko lehen Harreraguneak ateak irekiko ditu datorren astelehenean, azaroak 18, Bilbon. Migratzaileak Hartzeko Euskal Zerbitzuaren eredu pilotua da, pertsona migratzaileei informazioa eta orientazioa emateko zerbitzu publiko espezializatua, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortua eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatua. Bulegoak Justizia Jauregiaren inguruan ditu, Colon de Larreategui kaleko 3. zenbakian.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak instalazioak bisitatu dituzte gaur, ostirala, zerbitzu berria bertatik bertara ezagutzeko, bai instalazioak, bai bertan lan egingo duten pertsonak.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi duenez, “garaia iritsi da aukera-berdintasunerako eta gure egungo eta etorkizuneko Bilbo eraikitzeko funtsezkotzat jotzen dugun baliabide batekin lanean hasteko. Harreragune aukera bat da Bilborentzat, funtsezko tresna gizarte gisa arrakasta izateko, gizarte-kohesioa sortzeko eta hiri-proiektuaren parte izateko”.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak nabarmendu duenez, “Harreragunerekin batera orientatu, lagundu eta baliabide erabilgarriak eskainiko dizkiegu migratzaileei Bilbon duten ezarpen-prozesuan. Hau lehen urratsa da, proiektu pilotu bat, eta beste euskal udalerri batzuetan errepikatzeko ebaluatuko da. Izan ere, ekimen hau Euskal Harrera Ereduaren hedapenaren barruan kokatzen dugu, eta Migraziorako Itun Sozialean eta Herritartasun, Immigrazio eta Asiloari buruzko 2022-2025 Kultura arteko VI. Planean hartutako erakunde arteko konpromisoei erantzuten die. Plan horretan, dagoeneko aipatzen zen baliabide guztiak bateratuko zituen erreferentziazko espazio bat gaitzeko beharra”.

Bi agintariek nabarmendu dute Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak Harreragunen egingo duen lan garrantzitsua, bere ibilbidean, bere ezaguntzan eta bere jardunean oinarrituta, migratzaileak hartzen dituzten erakundeekin eta zerbitzu berria erabil dezaketen pertsonekin egindakoa.

Erantzun pertsonalizatua

Bulegoan, migratzaileei erantzun pertsonalizatua emango zaie, informazioa jaso dezaten gai hauen inguruan: erroldatzea, atzerritartasun-izapideak, osasun-txartela, adingabeen eskolatzea, hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntza batzuen ikaskuntza eta lan-orientazioa, besteak beste.

Gogorarazi behar da zerbitzu berri honek lankidetza estua duela kulturen arteko bizikidetza- eta harrera-programak garatzen urteak daramatzaten gizarte-erakundeen sare zabal batekin, eta orain bulego berritik lagundu nahi diela Bilbon ezartzen diren pertsona migratzaileei, hirian egokitzeko prozesuan eta berdintasun-baldintzetan eskubideak eta aukerak eskuratzeko prozesuan.

Erreferentziako zerbitzu publikoa

Harreragune zerbitzuaren xedea migratzaileei orientazioa ematea, laguntzea eta baliabide erabilgarriak eskaintzea da, Bilbon izaten ari diren ezarpen-prozesuan. Bere ikuspegia da Bilbon erreferentziazko zerbitzu publikoa izatea, migratzaileen beharrei helduko diena migrazio-proiektuan, haiek iritsi, ezarri eta bertan garatzeko prozesuan, gainerako biztanleekiko berdintasun-baldintzetan eskubideak eskuratu eta balia ditzaten sustatzeko.

Harreragunek atzerritar jatorriko migratzaileen iritsierako lehen faseko jarduerak indartzen ditu. Hain zuzen ere, Migraziorako Euskal Itun Sozialak nabarmentzen du harrera oso garrantzitsua dela integrazio-prozesuetan eta kulturen arteko bizikidetzan.

Eskaintzen dituen zerbitzu zehatzak

Harreragunek hainbat zerbitzu espezializatu eskaintzen ditu, premia espezifikoenetara egokituta:

  • Atzerritartasun-aholkularitza juridikoa
  • Prestakuntza- eta lan-orientazioa
  • Ikasketen homologazioa eta baliozkotzea
  • Laguntza psikosoziala
  • Familia berriz elkartzeko laguntza
  • Gizartean eta kirolean parte hartzea