“Deserrotuak” klima-migrazioak salatzeaz harago doan manifestua da. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak sustatuta, erkidegoko, estatuko eta nazioarteko 70 erakundek baino gehiagok sinatu dute manifestua, beren jatorrizko herrialdeetan pertsonen bizitza eragozten duten eta planeta suntsitzen duten politiken aurka.

Raquel Celisek, Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen intzidentzia taldeko kideak, azpimarratu du “ingurumen-desplazamenduaren arrazoi nagusia” sistema kapitalista dela. “Horrela, enpresa transnazional askok Hegoaldeko lurraldeak okupatzen dituzte eta, modu horretan, bertako baliabide naturalak erauzten dituzte eta bertakoen habitata eta bizimodua suntsitzen dute. Gainera, indarkeria erabiltzen dute bertan bizi diren pertsonak lekualdatzera behartzeko. Desplazatutako pertsonak dira, Deserrotuak”, adierazi du. Celisek Munduko Iparraldeko estatuei dei egin die “kanporatzea eragiten duten arrazoietan erantzukizunak har ditzaten, bai eta leku seguru bat zein nazioarteko babesa bermatuko dizkien mekanismoak martxan jartzeko ere”.

Irakurri manifestua HEMEN.

Zehar elkarteak gai honetan sakondu du azken urteotan, komunikazio-kanpaina baten bidez. Kanpaina horren spota HEMEN ikus daiteke. Horrez gain, ‘Deserrotuak: klima aldaketak behartutako desplazamenduen inguruko interpretazio kritiko bat’ txostena ere landu du. Txosten honek klima-aldaketaz harago joan nahi du, eta gure garapen-ereduan jarri du arreta.  Zehar-Errefuxiatuekin taldearen hausnarketa bat da ekoizpen, banaketa eta kontsumo neoliberalaren eredua ezartzeak eta kolapso ekosozialaren eta biztanleriaren desplazamendu behartuak duten harremanari buruzkoa. Bertan, lau herrialde aztertu dira adibide gisa: Kolonbia Hidroituango proiektu hidroelektrikoarekin, Kongoko Errepublika Demokratikoa koltanarekin, Senegal arrantzarekin eta Yemen urarekin. Txosten osoa HEMEN irakur dezakezu.